Rockein 2021

   Bederatzigarren urtez jarraian Basauriko Udalak Rockein musika-lehiaketa deitu du, Arrigorriagako, Galdakaoko eta Laudioko udalen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin. Lehiaketa Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako bakarlariei eta taldeei zuzendua dago.

   Rockeinen izena emateko epea zabalik egongo da irailaren 30era arte. Jasotako proposamen guztien artetik sei finalista aukeratuko ditu sektoreko profesionalek osatutako epaimahaiak; eta azaroaren 27an Basauriko Social Antzokian ospatuko den finalean joko dute zuzenean. Gau horretan bertan erabaki eta emango du ezagutzera epaimahaiak zein diren 2021eko talde irabazleak.

   Sarien artean daude EP baten grabazioa, ekoizpena eta masterizazioa (bost abesti), bideoklip baten ekoizpena eta MAZ Basauri jaialdian jotzeko aukera.

   Ohiko kategoriez gain (Sari Nagusia, Tokiko Artistarik Onenaren Saria y Euskarazko Artistarik Onenaren Saria), aurten Eskarabilera Saria aurkeztu du antolakuntzak, publikoaren sariaren ordez: irabazteko hautagai izango dira gutxienez kideen %50 emakumeak dituzten taldeak.

   2020an Rockeinek bere parte-hartze errekorra gainditu zuen bosgarren urtez jarraian, 169 parte-hartzailerekin, eta 2020ko azaroaren 20an Social Antzokian ospaturiko finalerako 250 gonbidapenak agortu egin ziren, finala itxiera perimetrala indarrean zen garaian ospatu arren. Lehiaketak bikoiztu egin du parte-hartzea 2013ko lehen ediziotik.

   Cecilia Payneek, aurreko edizioko talde irabazleak, gaurko prentsaurrekoan aurkeztu ditu sariaren ondorioz ekoitzitako lanak, bost abestiz osatutako EPa eta 'Sad Song' abestiaren bideoklipa, Rockeinen sare sozial ofizialetan ikusgai dagoena.

   “2020a urte zaila izan zen kulturarentzat. Baita Rockeinentzat ere. Finala atzeratu behar izan genuen, izen-emate epea luzatu... Zalantzez beteriko hilabeteak pasa genituen. Gero pandemiak gogor jo zuen berriro ere eta itxiera perimetrak iritsi ziren. Baina Rockein antolatzen dugun erakundeok azaroaren 20an finala ospatzea erabaki genuen, segurtasun-neurri guztiak betez noski, urtez urte gure lehiaketan sinesten duten proiektu berrien alde egiten jarraitzeko. Finalerako gonbidapen guztiak agortu egin ziren, streaming bidez emititu genuen bertaratu ezin izan zutenek ikus zezaten, eta parte hartu zuten taldeei eskura genituen erraztasun guztiak ematen saiatu ginen. Uste dugu oinarri indartsua duten proiektuek soilik duten sendotasunari esker egin zuela Rockeinek aurrera hain urte korapilatsuan. Saria bera gauzatzea ez da errazagoa izan. Abesti berriak konposatzea, disko bat edo bideoklip bat grabatzea... ez dira lan errazak pandemia baten erdian egiteko, ezta atseginak ere. Horregatik egin nahi diegu aitortza hori gaur hemen gurekin dugun Cecilia Payne taldeari; euskarazko bandarik onena izan zen Addar taldeari; eta grabaketa estudioari zein bideokliparen errealizadoreari, hilabeteotako lan guztiagatik. 2021ean hazten jarraitu nahi dugu eta Rockein hortxe egongo da talentuak musikaren munduan bidea egiten jarrai dezan", azaldu du prentsaurrekoan Asier Iragorri Basauriko alkateak.  

PARTE HARTZEKO BALDINTZAK

  • Gutxienez taldeko kideetako bat Euskal Autonomia Erkidegoan edo Nafarroan jaioa izatea edo bertan bizitzea.
  • Tokiko talde onenaren sarirako hautagai izateko: gutxienez taldeko kideetako bat Basaurin, Arrigorriagan, Galdakaon edo Laudion erroldatuta egotea.
  • Eskarabilera Sarirako hautagai izateko: gutxienez taldeko kideen %50 emakumeak izatea.
  • Taldekideek 16 urtetik gora izatea.
  • Izena emateko unean ez dezatela editaturiko disko bat baino gehiago izan, disko etxe batekin kontratua eduki ala ez.
  • Abestiak originalak izatea.
  • Musika estilo guztiak onartzen dira.
  • Aurretik Rockeinen izena eman duten talde guztiek edizio berri honetan berriz parte hartzeko aukera dute, aipaturiko baldintzak betetzen dituzten heinean. Sariren bat irabazi duten taldeek ez dute saria lortu zuten kategorian bigarrenez saridun izateko aukerarik izango.

SARIAK:

   Talde irabazlea

  • EP profesional bat (gutxienez bost abesti) grabatzea, ekoiztea eta masterizatzea Bilboko El Tigre estudioetan.
  • EParen 500 kopia diseinatu eta editatzea, CD euskarrian.
  • Bideoklip profesional bat grabatu eta ekoiztea.
  • Bizkaiko areto nagusienetako batean edo MAZ Basauri jaialdian kontzertua eskaintzea (antolatzaileek zehaztuko dute).

   Tokiko talderik onena

  • Bizkaiko areto nagusienetako batean edo MAZ Basauri jaialdian kontzertua eskaintzea (antolatzaileek zehaztuko dute).

   Euskarazko talderik onena

  • Abesti bat grabatzea eta ekoiztea.
  • Bizkaiko areto nagusienetako batean edo MAZ Basauri jaialdian kontzertua eskaintzea (antolatzaileek zehaztuko dute).

   Eskarabilera saria

  • Bizkaiko areto nagusienetako batean edo MAZ Basauri jaialdian kontzertua eskaintzea (antolatzaileek zehaztuko dute).

Informazio gehiago:
www.facebook.com/rockein
Twitter: @rockeinrock

   Basauri, 2021ko ekainaren 25a.

EranskinaTamaina
Rockein! 9.edizioa-Oinarriak1.54 MB
Izena emateko orria573.35 KB
Kartela930.83 KB
Etiketak