1936ko irailetik 1937ko ekainera bitartean, Condor Legioaren eta Italiako Abiazio Legionarioaren bonba-jaurtitzaile eskuadrilak ibili ziren Elizatean, altxatutako bandoari laguntzen. 100 bat aldiz igaro ziren herritik, eta borrokan ere egin zuten zeruan, Felipe del Río flota-buru zuten ehiza-hegazkin errepublikanoekin (Polikarpov I-15 eta I-16 «txato» ospetsuekin, alegia). 1937ko apirilaren 18an, Junkers JU52 alemaniar bi bota zituzten (bata Tiritegigana mendiko pinudia jo zuen, Zabalandiko txakolinetik hurbil, gaur egun Bilbondo dagoen tokian). Gora eta behera ibili baziren ere, bost aldiz baino ez zuten herria zuzenean bonbardatu, 1936ko irailaren 25a eta 1937ko maiatzaren 11 artean.

 

Junkers JU-52

Polikarpov I-16

 

   Airetiko lehen erasoak hildako bat utzi zuen, Urbin; gainera, metrailazko bonbak bota zituzten Ariz eta Urbi gainean. Bigarren bonbardaketak Zubialdea, Arizgoiti, Uribarri, Sarratu eta Urbi hartu zituen; hildakorik egon omen ez bazen ere, kalte material ugari eragin zituen.

   Beste borroka bi egon ziren 1937ko ekainaren 12tik 15era bitartean: Basozelaiko futbol-zelaian eta Briñas de Ibarreta-Artunduagako pagadian (gaur egun Mercabilbao dagoen tokian) zeuden talde errepublikanoak borrokatu ziren Santa Marinan eta Peña Lemonan zeuden nazionalekin. Horrela, bada, 15ean zenbait hildako (tartean Aniceto Gurruchaga eta Mancha sendiko kide bi) eta zauritu izan ziren —batetik, Basauritik Abusura zihoan Santanderreko trenbidearen tunelaren sarreran; eta bestetik, Bidasoa ibaia 8n—. Gero, ekainaren 16an, errepublikanoek Malmasin mendian zituzten azken zokoak berenganatu zituzten nazionalek, eta Nafarroako Lehen Brigadako Lakarreko Tertzioak udalerria okupatu zuen (aurreko egunean sartu ziren Basaurira Urbiko zubitik, Bilboko Burdin Hesia gainditu eta gero).

   1936 amaieran, 10.625 biztanle zituen Basauriko Elizateak: % 87 Bidebieta-Dos Caminosen, eta % 13 San Migelen.

Bombardeo Bilbao

   Bidebieta-Dos Caminosen, Compañía Anónima Basconiaren eta Firestone Hispaniaren sirenak baliatzen zituzten airetiko erasoen berri emateko; San Migelen, berriz, San Migel Goiangeruaren elizako kanpaiak jotzen zituzten. Halaxe egiten zuten, «alcahuete» deitzen zuten hegazki alemaniar txiki aurrelari arakatzailea ikusi ahala.

   Airetiko lehen bonbardaketa eta gero, herritarrentzako babeslekuak eraikitzeko beharra ikusi zuten Tokiko Defentsa Batzordeak eta Udalak, eta trenbidearen tunelak, trenbide azpiko igarobide eta galeriak, eta Gaztañabaltzagako eta Zubialdeko meatzetako galeriak erabiltzen hasi ziren aterpe gisa. 1937ko urtarrilaren 22ko osoko bilkuran zera xedatu zuen Udalbatzak: eskarabila botatzea Dos Caminoseko geltokiko aterpean, hura egokitzeko; eta Artunduagan eta Urbin eraikitzen hasi ziren babeslekuetan konpresoreak eta zenbait material erabiltzea.

   1937ko otsailean, berriz, Bidearteko babeslekua eraikitzen hasi ziren, Probidentzia Ikastetxearen atzealdeko patio azpian —«mojen txaleteko» lorategitik sartzen zen bertara (gaur egun, Juan Ibargutxi kalea).

   1937ko martxoan babeslekuak eraiki zituzten zenbait tokitan, hala nola: Soloarte baserri ondoan; Ariz auzuneko Eskolan; Arte eta Lanbide Eskolan (Uribarri); Arizgoitiko udaletxeko ipar-mendebaldeko aldean; Pozokoetxen; eta Etxerren.

   1937ko apirilaren 16an, Urbiko babeslekua amaitu zuten. Handiena zen, eta, funtsean, Firestoneko langileek eraiki zuten, lantegiak Jaro de Urietan zituen lursailetan, Ferrocarriles Vascongadosen ondoan, Mugaguren etxe atzean, Eulateren lurrei pega-pega eginda. 150 bat lagunentzako edukiera zeukan babesleku hark.

   1937ko martxoan, bestalde, San Migeleko elizako dorretxea babesleku izateko prestatu zuten lurrezko zakuekin, eta Iturrigorri errekastoaren gaineko zubia ere bai (Bilbo-Pancorbo errepidean edo «Camino Real de Lanas» izenekoan zegoen).

   1937ko ekainaren 15ean, nazionalak Basaurira sartu eta gero, bertan behera geratu ziren babesleku guztiak, Dos Caminoseko geltokikoa izan ezik (1943ra arte mantendu zuten, Bigarren Mundu Gerran aliatuek Espainia erasotzen bazuten).

Egindako ikerketetan, 18 babesleku antiaereo aurkitu dituzte (erantsitako planoan horien kokapena). Hona hemen:

1.- Udaletxe atzealdeko babeslekua:
1913an eraikitako udaletxearen ipar-mendebaldeko fatxada ondoan egin zuten (gero, 1964an, fatxada hori eraitsi, eta gaur egungoa altxatu zuten), bertan zegoen kareharri-harrobia baliatuta. Txikia zen, eta, gehienez ere, 40 lagunentzako tokia zeukan. 1940an bota zuten, eraikina egoera txarrean zegoelako, ura pasatzen zelako eta, ondorioz, udaletxean umeltasuna eragiten zuelako.

2.- Probidentzia Ikastetxe atzealdeko babeslekua:
Cosme Bilbaoren eta Pedro de Oñateren ekimenez eraiki zuten (haiek eskatu zuten obra-lizentzia). Babesleku hura izan zen kokapen-planoa, oinplanoa eta altxaera-planoa izan zituen bakarra. Probidentzia Ikastetxe atzealdeko patio azpian egon zen. 1982an sarbidea hormatu zuten, Juan Ibargutxi 7ko eraikuntza egiten ari zirela eta. Gehienez ere, 120 lagun hartu ahal zituen.

3.- Soloarte baserri ondoko babeslekua:
Soloarte baserri ondoan eraiki zuten babesleku txiki hura (gehienez, 30 lagun), Galizia eta Fleming doktorearen kale arteko bidegurutzean. 1966an desagertu zen, baserria eraitsi zutenean.

4.- Dos Caminoseko geltoki ondoko babeslekua
:
Bilbo-Tutera trenbidearen trintxera handitzeko 1931an egindako leherketen ondorioz sortutako zulo bat egokituta eraiki zuten babeslekua, trintxera horren ekialdeko malkarrean, Autonomia kalera eta San Fausto plazara joateko eskaileren ondoan. Sarbidea, gaur egun, hormatuta dago. Babesleku txikia da: gehienez ere, 70 lagunentzako tokia dauka.

5.- Bolintxuko babeslekua
:
Bilbotik Urduñara doan trenbide azpiko harrizko galeria egokitu zuten babesleku gisa (Gaztañabaltza errekastoko urak bideratzen zituen). Lurrezko zakuak jarri zituzten, sarrera biak babesteko. 255 lagunentzako edukiera zeukan, eta 5-8 m altu zen. Gaur egun, Gaztañabaltzako sarrera itxita dago (kutxatila handi bat dago bertan), baina da ekialdeko sarrerako gangaren arkua zabalik dago oraindik.

6.- Gaztañabaltzagako meategietako galeriak:
Gaztañabaltza errekastoaren ibarrean zeuden meategietako galeriak ere behin-behineko babesleku gisa erabili zituzten, Matadero atzealdean eta Basozelairantz zeudenak, hain zuzen ere. Ezinezkoa izan da burdinazko antzinako meategi horien sarrerak aurkitzea.

7.- La Industrialetik Azbarrenerako tunela:
Santanderrerako trenbideak La Industrialetik Azbarrenera zeukan adarra ere babesleku izan zen, Kareaga Behekoa eta Pozokoetxe artean.

8.- Arte eta Lanbide Eskola ondoko babeslekua:
40 lagunentzako bebesleku txiki hura eraiki zuten Uribarrin, Compañía Anónima Basconiaren Arte eta Lanbide Eskola ondoan —Epifanio Zabalak Uribarriko bere txaletean eraikitakoa publikoa ez zela eta—. 1990ean eraitsi zuten, eraikin nagusiarekin batera, Uribarriko industrialdea egiteko. Ertzaintzaren gaur egungo kuartela dagoen tokian egon zen.

9.- Pozokoetxeko babeslekua:
Ustez txikia izandako babesleku hura Ramiro Canivelen lursailetan eraiki zuten, Pozokoetxeko auzo-bidetik hurbil. Ez dago daturik kokapen zehatzari buruz.

10.- Arizko Eskolen ondoko babeslekua
:
Arizko auzune ondoko eskoletan eraiki zuten babesleku txiki hura (gehienez ere, 40 lagun hartu ahal zituen), eta, ustez, Gerra amaitu eta gero eraitsi zuten.

11.- Urbiko babeslekua:
1936ko abenduan hasi ziren babesleku hura eraikitzen Firestone Hispaniako Enpresa Batzordearen ekimenez, Ferrocarriles Vascongadosen trenbide ondoan, Jaro de Urietan, lantegiaren lur-sailaren eta Panadería de Arizko jabe ziren Eulate jaun-andreen lurren arteko mugan. 37/04/16an amaitu zuten. Konpresoreak erabili zituzten babeslekua zulatzeko trenbidetik hego-ekialdera dagoen kare-haitzean. Ferra itxurako planta zuen, eta kanoi-ganga itxurako sarrera bi (elkarrengandik 30 m ingurura zeudenak); 3,00 m zabal zen, eta 55 m sakon, gutxi gorabehera.
1937ko urtarrilaren 22ko osoko bilkuraren aktan jasota dago Julián Larrinaga Gobernazioko zinegotziak adierazi zuela babeslekuak 1.500 toki izango zituela gutxi gorabehera; azkenean, baina, 150 inguru izan zituen bakarrik.
Sarbide biak lurrez estali zituzten joan den mendeko 50eko hamarkadan. Bestalde, babeslekua egon izandako malkarra landarez beteta dago gaur egun.
2017ko abuztuan ikerketa-lan txikia egin zuten Udal Zerbitzu Teknikoek, udalerrian 1936 eta 1937 artean eraikitako edota egokitutako babesleku antiaereoen gainean. Ondorioz, horrelako 18 aurkitu zituzten (horien artean, Urbiko babesleku berezi hori). Mendebaldeko sarrera aurkitu eta gero, galeria barrura sartu ziren, eta oheak eta sukaldeko tesneria aurkitu zituzten bertan. Ekialdeen zegoen atea ez zuten zabaldu. Gero, mendebaldeko sarrera ixtea erabaki zuten, aurkikuntzarekin zer egin erabakitzeko zain.

12.- Artunduagako babeslekua:
Ez dakigu babeslekua zehatz-mehatz non egon zen; dakigun bakarra da Ibarreta-Artunduagan eraiki zutela, Briñasko pagadi ondoan, ahalegin handiz (kare-haitza gogorra zen, eta ez zeukaten makineria egokia). Ez dakigu, eztaere, zenbat lagunentzako tokia izango zuen.

13.- Etxerreko babeslekua:
Gaur egun Etxerreko urmaela dagoen tokian zegoen kareharri-harrobian eraikitako babesleku hura, ez dakigu zehatz-mehatz non. Ez dakigu, ezta ere, zenbat lagunentzako tokia izango zuen.

14.- El Boqueteko babeslekua
:
El Boqueteko trenbide-pasagunetik hurbil zegoen kobazulo txiki bat ere behin-behineko babesleku gisa erabili zuten. Suposatzen dugu edukiera txikia izango zuela. Aipatu kobazuloa 1978an desagertu zen, trenbide-pasagunea kendu zutenean.

15.- Iturrigorriko babeslekua:
Elexalde auzoan, Bilbotik Pancorborako errepide azpiko harrizko galeria egokitu zuten babesleku gisa, zeinak Iturrigorri errekastoko urak bideratzen baitzituen. Lurrezko zakuak jarri zituzten sarrera biak babesteko. Gehienez ere, 90 lagun hartu ahal zituen.

16.- San Migeleko elizako dorretxeko babeslekua:
1937ko maiatzean egokitu zuten. San Migel Goiaingeruaren eliza hareharrizkoa da, eta lurrezko zakuak jarri zizkioten inguruan. 25 bat lagunentzako edukiera zuen.

17.- Santander-La Peña trenbidearen tuneleko babeslekua
:
Basconia kale inguruan hasi, eta Abusu auzoan amaitzen den trenbidearen zubia ere, babesleku izan zen. Bertan hil ziren Mancha sendiko zenbait kide, eta Aniceto Gurruchaga Duo ere bai (lehen pilotu-hegazkinlari basauriarra izan zen; 1917ko apirilaren 25ean, 20 urte zituela, pilotu «brevet»a lortu zuen Getafeko Abiazio Eskola Nazionalean). Tuneleko sarreran bertan eroritako obus batek akabatu zituen denak.

18.- Pozokoetxerako pasabideko babeslekua, Bilbo-Urduña trenbide azpian:
Bilbotik Urduñarako trenbide azpiko oinezkoen pasabidea ere babesleku izan zen (Ibaizabal kalean hasi, eta Zumalakarregin amaitzen zen). Gaur egun, pasabidea handitu eta gero, ibilgailuak ere igarotzen dira handik. Kareaga Behekoa eta Pozokoetxe lotzen ditu.