Agintaldia

Hiriko Kontseilua legegintzaldiaren hasieran eratuko da, eta hori amaitu arte iraungo du bere agintaldiak. Lau urtean behin berritu beharko da, legegintzaldi bakoitzaren hasieran.

Batzarrak

1. Kontseiluak urtean behin batzartuko dira, gutxienez, ohiko batzarra egiteko.
2. Hala ere, premiazko arrazoiengatik edo komenigarria delako, aparteko batzarrak ere egin ahal izango dira, Burutzaren ekimenez edo, gutxienez, zinegotziak ez diren kontseilu bakoitzeko kideen herenak eskatuta.

Bertaratze quoruma

Egiten diren batzarrek balioa izan dezaten, beharrezkoa izango da Burutza eta, gutxienez, kideen herena egotea. Quorum hori batzar osoan mantendu beharko da. Quorum hori lortu ezean, ondoriorik gabe geratuko da deialdia.

Deialdia

1. Burutzak egingo du batzarretarako deialdia. Deialdiarekin batera, aztertuko diren gaiak dituen gai-zerrenda eman beharko da, kontseilu bakoitzeko kideek aurkez litzaketen proposamenen arabera eginda. Batzarra egin baino zazpi egun lehenago eman beharko da, gutxienez. Batzarrerako deialdia eman den egunaren eta batzarra egiteko egunaren arteko tartea ezin izango da zazpi egun baino gutxiagokoa izan.

2. Aparteko deialdien kasuan, ezin izango da hogeita hamar egun baino gehiago igaro eskabidearen egunaren eta batzarraren egunaren artean. Kontseilua egin baino hamabost egun lehenago bidaliko da deialdia. Deialdia premiazko arrazoiengatik eginez gero, ahalik eta arinen egingo da deialdia.

Batzarretako eztabaidak eta ordena

Kontseilu bakoitzeko buruak zuzenduko ditu batzarrak, eztabaidak antolatuko ditu eta batzarrak ondo egiten direla bermatzeko komeni diren neurriak hartuko ditu.

Hizkuntzak

Kontseiluen batzarretara doazenek, euskaraz nahiz gaztelaniaz hitz egin ahal izango dute.

Bertaratu daitezkeen beste batzuk

Eskuordetutako zinegotziak eta udal langile eta zuzendariak kontseiluen batzar guztietara joan ahal izango dira, Burutzak deituta edo Kontseiluko kideen herenak eskatuta (zinegotziak izan zein ez), bidezko aholkularitza teknikoa emateko.

Kontseiluen asmoa adieraztea

Sektore kontseiluen asmoa ez da erabakiak hartzea, baizik eta ordezkatutako talde guztien iritziak jasotzea (horretarako proposatutako gaien gaineko iritziak, alegia). Ondorioz, kontseiluen asmoaren adierazpena plurala da, eta udalaren gobernu-organoei egindako jarduketa-proposamenen edo bestelako proposamenen gainean kideek duten iritzian gauzatzen da.

Proposamen horiek taldeetan bildutakoak edo horien artean aurkakoak izan daitezke, baina horiek guztiak aktan agertuko dira, udalak horien guztien berri izan dezan.

Barruko arauak

Kontseilu bakoitzak barruko funtzionamendu-arauak ezarri ahal izango ditu eta, horrela, lan-taldeak eratu, edo Batzar Iraunkorrak, lan-taldeak eta batzorde teknikoak sortu.

Tokia eta aktak

Kontseiluen batzarrak Udalaren bulegoetan egingo dira, eta Kontseiluko idazkariak batzar bakoitzaren akta egingo du. Akta hori Kontseiluko mahaikideei bidaliko zaie hurrengo aktaren deialdiarekin batera, eta hurrengo batzarrean onestea edo ez erabakiko dute.

Urteko txostena

Kontseilu bakoitzak, urtero, tarte horretan egindako jarduerak, proposamenak, iradokizunak eta kexak dituen txostena eztabaidatu eta onetsiko du. Ondoren Udalaren Osoko Bilkurari helaraziko zaio, aintzat har dezan.

Ordezko eskubidea

Agindu honetan aurreikusi ez den guztirako, Osoko Bilkurak bidezko kontseiluak proposatuta onetsiko duen Araudiari jarraituko zaio eta, horren ezean, indarrean dagoen Udal Araudi Organikoak xedatutakoari.