Aurrekontu Parte-hartzaileak 2022

   Basauriko Udalak aukera emango die herritarrei, berriro ere, udal aurrekontua egiteko prozesuan parte hartzeko. Oraingoan, gainera, jauzi kualitatibo handi bat egin du erakundeak: aurten, basauriarrek aukera izango dute proiektu eta ekintza zehatzak proposatzeko eta, gero, lehentasunezkotzat jotzen dituztenen alde bozkatzeko, eta Udalak 400.000 euro bideratuko ditu ekimen horietara. «Beti uste izan dugu basauriarrek udal kontuetan esku hartu behar dutela. Guretzat, beren parte-hartzea funtsezko ardatza da, aukera ematen digulako jakiteko zeintzuk diren herritarren interes eta beharrizan errealak, eta horiek gure lan-agendan jasotzeko. Horrela, bada, urtetik urtera saiatzen gara herritarrek parte hartzeko modua hobetzen eta zabaltzen», azpimarratu du Asier Iragorri Basauriko alkateak.

   Parte-hartze prozesuak lau fase izango ditu. Lehenengoan, basauriarrek beren proposamenak aurkeztu ahalko dituzte. Udal atalen eta herritarren proposamen guztiak jaso ostean, Udalak horien bideragarritasuna aztertu, eta lehenetsi egingo ditu, aintzat hartuta ezarritako baldintzak zein mailatan betetzen dituzten. Gero, herritarrek bozkatu, eta 2022ko aurrekontuan jasoko diren proposamenak hautatuko dituzte. Udalak prozesuaren emaitzak argitaratuko ditu, eta, aldiro, proiektuen bilakaeraren berri ere emango du.

   Lehen fasean, beraz (ekainak 14-30, biak barne), basauriarrek proposamenak aurkeztu ahalko dituzte. Proposamen horiek zehatzak eta argiak izan beharko dute. Onartuak izateko, gainera, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

  • Sei jardute-eremu hauetako bati lotuta egotea: gizartea, gazteak, adinekoak, kultura-hezkuntza, mugikortasuna-irisgarritasuna edo ekonomia suspertzea.
  • 40.000 eurotik gorakoak ez izatea.
  • Teknikoki, juridikoki eta ekonomikoki bideragarriak izatea.
  • Ekonomiaren eta finantzen aldetik jasangarriak izatea.
  • Hurrengo ekitaldietako gastu ekonomikoa kolokan ez jartzea.
  • Diru-sarrera publikoetan eraginik ez izatea; eta erakunde publiko zein pribatuentzako dirulaguntza edo laguntza ekonomikorik ez aurreikustea.
  • Interes orokorra lehenestea, interes partikularren gainetik.
  • Udalerriko auzoen arteko oreka bermatzea.
  • Jabetza pribatuko esparruei ez eragitea.
  • Gaur egun planifikatuta edo exekuzio aldian ez egotea.

   Datozen egunotan, proposamenak egiteko inprimakia jasoko dute basauriar guztiek etxean. Inprimaki hori, gero, honako toki hauetan aurkeztu ahalko dute (han ere egongo dira proposamenak egiteko inprimakiak):

  • Udaletxeko beheko solairuko eta San Migeleko HAZen bulegoetan, kultur etxeetan, Artunduagako kiroldegian, Udal Euskaltegian eta Marienean jarritako ontzietan (ez da hitzordurik beharko).
  • Parte-hartze postontzietan, hemen: udaletxe ondoko metro-sarrera, Los Burros, Solobarria plaza, Valentzia kalea eta Hernán Cortés plaza (San Migel).
  • ados.basauri.eus webgunean.
   Basauri, 2021ko ekainaren 14a.
Etiketak