Zabalik 2017ko Juan eta Pablo de Otaola bekan izena emateko epea

   Basauriko Udalak Juan eta Pablo de Otaolaren bekan izena emateko epea zabaldu du. Bere xedea arte plastikoen eremuko prestakuntzan eta sorkuntzan laguntzea da. Beka hau lortu nahi duten EAEko artistek eskabidea aurkeztu behar dute Basozelai Gizarte Etxeko atezaintzan 2017ko maiatzaren 12a baino lehen. Gero, epaimahaiak ebazpena emango du, hamabost eguneko epean.

   2017ko uztailetik aurrera erabili ahal izango dira bekaren 6.000 euroak, sei hilabeteko gehienezko epean. Epea agortu eta gero, egindako lanari buruzko memoria (bisuala eta idatzia) aurkeztu beharko du bekadunak. Basauriko Kultur Etxeak saritutako lana bere lokaletan erakusteko eskubidea izango du. Gainera, irabazleak jarduera artistikoren bat (hitzaldiak, tailerrak…) egin beharko du udalerriko ikastetxe edo kultur etxeetan, gazteenei arte garaikidea ezagutzera emateko, etorkizuneko publikoa hezteko, artista eta balizko publikoa hurbiltzeko eta, finean, bestelako kultura-bizipen bat eskaintzeko.

   Urte hauetan guztietan zehar 29 artista berrik eskuratu dute arte plastikoen eremuko ospe handiko sari hau.

Oinarri arautzaileak kontsulta itzazu hemen ...

 

Basauri, 2017ko martxoaren 14an.

Etiketak