634 errepide nazionala eta Urbi kalea lotzen ditu Ibaizabal ibaiaren gaineko zubi honek. Bestalde, ibaiaren ardatzak, eremu horretan, Galdakao eta Basauri arteko udal-mugartea finkatzen du.

Zubia 1935ean eraiki zuen Bizkaiko Foru Aldundiak, eta 1936an jaso zuten aipatutako udalek. 1937an ez zuen kalterik jasan eraikuntzak, gatazkan zehar lurrezko zakuekin babestuta egon zen eta. Handik sartu zen Nafarroako Lehen Brigadako Lakarreko Tertzioa, 1937eko ekainaren 15ean. Santa Marinatik etorri ziren, Bilboko Burdin Hesia gainditu, eta, hurrengo egunean, udalerri osoa okupatu eta gero (Malmasin mendiko azken gune errepublikanoak bereganatu ostean).

1938ko uztailean, zubiaren eta bertatik Bolueta-Galdakao errepidera (CN-634) heltzeko bidearen zoladura konpondu zuen Aldundiak. Gero, 1941ean, Basauriko Udalak, inguruko enpresen laguntzarekin, Tercio de Lácar kalea —gaur egungo Urbi kalea— urbanizatu zuen, Urbiko zubitik Arizko zubiraino.

Hormigoi armatuzko lehengo zubiak Ibaizabal ibaiaren ubidearekiko luzerako ardatz okertua zeukan. 60,00 m luze zen, eta 20,00 m-ko hiru tarte berdin zituen; tarte horietako bakoitza, bitarteko bi zutabe eta ibai bazterretako zubi-branken gainean zegoen. Baranden arteko zabalera 9,80 m zen: 6,30 m ibilgailuentzat, eta 1,75 m-ko espaloiak bi alboetan.

URAk (Uraren Euskal Agentziak) Urbiko lehengo zubia eraitsi zuen 2015ean, eta gaitasun hidrauliko handiagoko beste bat eraiki.

Zubi berria ere hormigoi armatuzkoa da. Bitarteko zutabe bi ditu ubidetik kanpo. Eta 13,60 m zabal da, honelaxe banatuta: 3,30 m-ko errei bi, 2,50 m-ko espaloi bat, eta 4,50 m-ko beste bat.

Puente Urbi