Udalak, iaz, 143.349 € banatu ditu igogailuak egiteko

   Basauriko Udalak, 2016an, 143.349 euro banatu zituen etxebizitza-eraikinetan igogailuak eta eskailera-igogailuak jartzeko, eta igogailura sartzeko kotak txikitzeko obrak egiteko. Izan ere, 2013ko urtarrilean, etxebizitza-eraikinetan igogailuak jartzea sustatu nahi izan zuen Udalak —udalerriko etxebizitza-parkearen irisgarritasuna hobetzeko—, eta, horretarako, udal araudi teknikoa aldatu zuen: malgutu egin zituen horrelako gailuak jartzeko baldintzak, eta, besteak beste, 20 cm kendu zizkion balizko 26-50 erabiltzaileko etxebizitzetan igogailuaren zuloak izan beharreko neurriei.

   Jabeen komunitateek igogailuaren aurrekontuaren % 20ko diru-laguntza jasotzen dute, 10.818 €-ko mugarekin. Ordainketa bi zatitan egiten da: erdia, obrak hastean; eta beste erdia, amaitzean. Udalak 2016an inbertitutako 143.349 euroekin igogailua jarri dute jabeen 19 komunitatek; 5ek eskailera-igogailuak jarri dituzte; eta beste 5ek, berriz, igogailura sartzeko kota txikitzeko obrak egin dituzte.

EIT txostenean jasotako lanak egiteko diru-laguntzak

   Etxebizitzen birgaitzea sustatzeko herritarrei laguntza ekonomikoa emateko ildo horretatik jarraituta, berrogeita hamar urtetik gorako eraikinetako jabekideen komunitateentzako laguntza programa abiarazi zuen Basauriko Udalak, 2013ko uztailean, Eraikinaren Ikuskapen Teknikoan (EIT) jasotako lanak aurrera eramateko. Horrela, bada, Basauriko Udalak diru-laguntzak banatzen ditu, obren exekuzio aurrekontuaren arabera: 10.000-40.000 euro bitarteko aurrekontua duten obrei, 1.000 euroko diru-laguntza dagokie; 40.000 eurotik gorako kostua aurreikusiz gero, berriz, diru-laguntza 1.500 eurokoa izango da. 2016an zehar, Basauriko Udalak 26 komunitateri eman zizkien diru-laguntzak, horrelako obrak egin zitzaten. Banatutako zenbatekoa, guztira: 32.550 €..

 

Basauri, 2017ko martxoaren 8an.

Etiketak