UDALAK HARTUTAKO NEURRIAK KORONABIRUSAREN HEDAPENAREN AURREAN

   Koroabirusaren transmisioa geldiarazteko eta herritarren osasuna zaintzeko, Basauriko Udalak erabaki du publikoari irekitako udal-instalazio guztien erabilera aldi baterako etetea (kiroldegiak eta kirol-instalazioak, Social Antzokia, kultur etxeak eta liburutegiak, ludotekak, gizarte-etxeak, udal-euskaltegia, musika-eskola, Marienea, etab.), bai eta udalarekin lotutako kirol eta kultura-ikastaroak, tailerrak, gizarte-jarduerak eta holakoak. Aldi baterako etenaldi horrek 15 egun iraungo du hasiera batean, baina jarraipena eman ahal izango zaio egoeraren bilakaeraren arabera.

   Gainera, ahal den neurrian, PERTSONEN KONTZENTRAZIOA SAIHESTEKO neurriak hartuko dira. Hori dela eta, herritarrei Basauriko Udalera behar-beharrezkoa denean bakarrik bertaratzeko eskatzen zaie. Basauriarren beharrei erantzuten jarraitu ahal izateko, herritarren arreta zerbitzua indartu egingo da bitarteko telefonikoen, telematikoen eta antzekoen bidez (94 466 63 00 / www.basauri.eus/haz@basauri.eus). Udaletxera izapideren bat egitera joanez gero, udaleko langileen argibideei jarraitu beharko zaie, pertsonen artean bi metroko distantzia gordeta eta prebentzio-neurriak mantenduta.

   Era berean, herritarrei dei egiten zaie jarduera pribatuetan (akademikoak, kulturalak, kirolekoak edo aisialdikoak) antzeko neurriak hartzera, leku hauetan ere PERTSONEN KONTZENTRAZIOA SAIHESTUZ.

   Neurri horien helburua koronabirusaren hedapena geldierazten laguntzea da. Euste-lan horrek herritar guztien lankidetza lasaia eta arduratsua eskatzen du, eta herritar guztiek neurriak onartzea, birusa eskala handian HEDATZEN LAGUNTZEN DUEN EDOZEIN JARDUERA SAIHESTUZ. Helburu komun horrekin, osasun-agintariek ezarri dituzten gomendioak betetzea eskatzen dugu, arreta berezia jarriz adinekoen kasuan, espero baita, horrela, neurriek epidemia kontrolatzen eta horrek dakartzan arriskuak murrizten lagunduko dutela.

   Zurrumurru eta albiste faltsuak ez zabaltzeko, basauriarrei Udalaren hedabide ofizialak (web orria, sare sozialak) eta Osakidetzarenak erabiltzea gomendatzen zaie.

 

ALKATEA

Asier Iragorri Basaguren

Basauri, 2020ko martxoaren 12an.

Etiketak