UDALAK BASAURIARREI ARRETA PSIKOLOGIKOA EMATEKO ZERBITZUA ABIARAZI DU

 

   Basauriko Udalak herritarrei arreta psikologikoa eskaintzeko zerbitzua abiarazi du. Apirilaren 20an hasiko da martxan, hau da, datorren astelehenean.  COVID-19ren pandemiak eragindako ziurgabetasunak, etxeratzeak eta abarrek eragin psikosozialak izan ditzakete askorengan, zenbait arrazoi direla eta: hurbileko baten heriotza, lana aldi batez zein betiko galtzea, bakardade-sentimendua, harreman arazotsuak, familia-banantzeak...  Gauzak horrela, Basauriko Udalak arreta psikosozialerako doako zerbitzua abiarazi du herritar guztientzat (Adinekoen Atalean artatzen dituztenentzat izan ezik), osasun-alerta eta etxeratze egoerak izan dezakeen eragin psikologikoa txikiagotzeko. «Zerbitzuak haurrak, gazteak eta helduak hartuko ditu», azaldu du Asier Iragorri Basauriko alkateak.

   Esku-hartzeak espezifikoak izango dira: hurbileko norbait galdu dutenentzat, haur zein nerabeei hurbileko horren heriotzaren berri emateko laguntza eta/edo jarraibideak behar dituztenentzat, zenbait emozio maila altuan edo behin eta berriro sentitzen dituztenentzat (urduritasuna, aztoramendua, izu sentsazioa eta abar), gaixotasunean zein gaixotzean besterik pentsatu ezin dezaketenentzat... Zerbitzua egokia izango da ere eguneroko eginbeharrak aurrera eramateko edo beren lana behar bezala egiteko ezintasuna dutenentzat, lo indarberritzailea egin ezin dutenentzat edo elkarbizitza-arazoak dituztenentzat.

   Kontsultak egiteko, honako zenbaki honetara deitu daiteke, edo WhatsAppeko mezua bidali: 688 83 75 11. Bestela, aukeran, mezu elektronikoa bidali ahal da sappbasauri@basauri.eus-era (Basauriko Gizarte-politika Arloko Arreta Psikosozialaren Taldearen helbide elektronikoa da). Zerbitzuak arreta emango du astelehenetik ostiralera, 09:00ak eta 14:00ak bitartean.

   Lehenengo saioaren ostean jotzen bada herritarrak baliabide espezializatu bat behar duela edo arreta psikologiko jarraitua eman behar zaiola, horretarako proposamena bideratuko da, dagozkion bideetatik.

 

Basauri, 2020ko apirilaren 17an.

Etiketak