Udalak “BasauriBonua” kaleratuko du berriro 2022an.

Basauriko Udalak “BasauriBonua” kanpaina abiaraziko du berriro 2022. urtean; herriko dendetako eta ostalaritzako ekonomia indarberritzeko asmoz sortu zen kanpaina, krisialdi sanitarioaren ondorio negatiboei aurre egiten laguntzeko neurritzat. Gainera, Udaleko arduradunek diru-partida handitzea erabaki dute, eta 2022an 200.000 euro bideratuko dituzte “BasauriBonua” kanpainarako –2021ean 150.000 euro izan ziren–.

Bonua erosketak egiteko hobaria da, bezeroak produktuaren berezko prezioa baino gutxiago ordaindu behar baitu bonuari esker eta, horren bitartez, herrian kontsumoa sustatzea lortu nahi du Basauriko Udalak; finean, herritarrei ez ezik, merkataritzaren, ostalaritzaren eta zerbitzuen sektoreei ere egiten die mesede kanpainak.  “BasauriBonua” kanpaina arautzen duten oinarriak gaur onetsi dira Ogasun Batzordean eta, ondoren, kanpainaren data eta xehetasunak merkatariekin eta ostalariekin adostuko dira.

Gaur izan den Ogasun Batzordean beste oinarri batzuk ere onetsi dira; hain zuzen ere, Basauriko Udalak herriko txikizkako denda, jarduera eta ostalaritzako establezimenduak erreformatzeko eta horien lehiakortasuna hobetzeko ematen dituen laguntzen lerroaren oinarriak, 90.000 euroko diru-partidarekin. Laguntza horien helburua gastuak finantzatzea da, betiere enpresetako instalazioetan, ekipamenduan eta enpresen modernizatzean egin badira inbertsioak, edo enpresa horien irudia, lehiakortasuna eta kalitatea hobetzeko; horretaz gain, COVID-19 birusaren prebentzioarekin eta zabalkundea etetearekin lotutako neurriak ezartzea ere bada laguntzen xedea, oraindik ere aurreikusi gabeko inbertsioak egin behar izatea ekar baitezake.

Basauri, 2022ko urtarrilaren 3a

BasauriBonua

 

Etiketak