Udal udalekuak kudeatzeko zerbitzua kontratatzeko prozesuari ekin dio Basauriko Udalak, 232.000 euroko lizitazio-aurrekontuarekin. Udalekuak uztailean egingo dira, betiere, pandemiak ahalbidetzen badu. Aurreko edizioetan bezala, eskabide guztiak onartuko dira, eta, gainera, umeek txanda bietan eman ahalko dute izena.
Basaurin erroldatuta egon eta 2009-2017 bitartean (biak barne) jaiotako neska-mutilentzat izango dira udalekuak. Txanda bi egongo dira: uztailaren 1etik 14ra, eta 15etik 28ra; eta udalerriko ikastetxe publikoetan, gizarte-etxeetan eta kultur etxeetan egingo dira.
Aurten ere, hiru udaleku mota eskainiko dira:
- egun erdikoak (09:00-13:30)
- egun osokoak (09:00-15:00, hamaiketakoa barne)
- kirol-udalekuak (09:00-15:00, hamaiketakoa barne)
COVID neurriak:
- Udalekuetako jardueretan, osasun-arduradunek astialdirako zehazten dituzten gomendioak beteko dira, eta aintzat hartuko dira udalekuak egingo diren zentroetako eta udal instalazioetako kontingentzia-planak.
- Era berean, txangoetan, irteeretan eta zentro edo instalazioetara egindako bisitetan, pandemiaren aurkako arduradun eta/edo erakundeek astialdirako ezarritako neurri guztiak beteko dira —instalazioen eta gune komunen edukiera, parte-hartzaileen artean zaindu beharreko tartea, eta higiene- eta osasun-neurriak—.
- Udalekura datozen guztiek maskara erabili beharko dute; eta gel hidroalkoholikoa eta produktu biruzidak egongo dira, jarduerak aurrera eraman bitartean erabilitako gainazalak desinfektatzeko. Esandakoaz gain, Udalak garbiketa-zerbitzuen maiztasuna areagotuta mantenduko, du jarduerak egiten diren zentro eta instalazioetan.
Basauri, 2021ko martxoaren 18a.