Udal aurrekontuetan sartu beharreko proiektuak aukeratu

Botoa emateko epea zabalik egongo da urriaren 8tik 19ra arte.

   Basauriko Udalak herritarren beharrizan eta lehentasunak jasoko ditu 2022ko udal aurrekontuetan. Zortzigarren urtez jarraian, eta 2013ko eta osteko kontuekin egin bezala, Basauriko Udalak zuzeneko zenbait kanal abiarazi ditu, basauriarrek erabili ahal izan dituztenak 2022ko aurrekonturako beren ekarpen eta iradokizunak erakundeari helarazteko. Orain, bigarren fase berri batean, herritarrek bozkatu ahalko dute, beraiek hautatutako proiektuen artean.

Presupuestos participativos

   Prozesuaren lehen fasean, basauriarrek 255 proposamen bidali zizkioten Udalari. Herritarren proposamen horiek udal arlo teknikoek aztertu zituzten, beren bideragarritasuna baloratzeko; eta, guztien artean, zenbait jarduera-esparrutako 18 proiektu lehenetsi zituzten. Proposamenak baloratzerakoan, aintzat hartu dute ekonomikoki eta teknikoki bideragarriak izatea; Basaurin bizi diren herritar guztien interes orokorra eta ongizatea lehenestea, interes partikularren gainetik, eta udalerriko lurralde-oreka bermatzea. Orain, herritarrek hautatuko dituzte beren ustez Basaurirentzat lehentasunezkoak diren egitasmoak.

   Botoa emateko epea zabalik egongo da urriaren 8tik 19ra arte (egun horiek barne), eta Basaurin erroldatutako 16 urtetik gorako guztiek bozkatu ahalko dute. Udalak parte hartzeko zenbait bide jarriko ditu basauriarren esku, eta, aste honetatik aurrera, herritarrak hasiko dira etxean galdetegi bat jasotzen, nahi izanez gero betetzeko eta botoa presentzialki emateko edozein puntutan entregatzeko.

   Honako toki hauetan ere  bozkatu ahako dute basauriarrek: Herritarrentzako Arreta Bulegoan (HAZ), udaletxeko beheko solairuan eta San Migelen; kultur etxeetan; Artunduagako kiroldegian; Udal Euskaltegian; Marienean; udaletxeko, Los Burroseko, Solobarria plazako eta Valentzia kaleko metro-sarreretan, eta San Migeleko Hernán Cortés plazan.

   Bestalde, herritarrek informazioa jaso eta bozkatu ahalko dute honako toki hauetan jarriko diren karpetan, 11:00-14:00 eta 16:00-20:00 bitartean:
• Urriak 14: udaletxea/Arizgoiti.
• Urriak 15: Los Burros ondoan.
• Urriak 18: Solobarria plaza.
• Urriak 19: Hernán Cortés plaza (goizez) eta Arizko plaza (arratsaldez).

   Azkenik, online ere bozkatu ahalko dira proiektuak, ados.basauri.eus webgunean.

   Basauriarrek 6 proiektu hautatu beharko dituzte, jardute-esparru desberdinetako 18 proiektu finalista hauen artean:
•    Udal eraikinetako eguzki-panel kopurua handitzea.
•    Hurbileko produktuen azoka sortzea.
•    Material ludiko eta didaktikoak erostea ludoteka, gaztegune eta kultur-etxeetarako.
•    Hobekuntzak egitea herritarrek erabiltzen dituzten udal ekipamendu eta lokaletan.
•    Ekipamendua erostea Artunduagako atletismo-pistarako.
•    Kalistenia aparatu eta zirkuituak jartzea udal parkeetan.
•    Bizikletak garbitzeko guneak atontzea bidegorrien inguruetan.
•    Eskoletako jolastokiak dinamizatzea, zuzendutako jardueren bitartez.
•    Hondakin organikoak birziklatzeari eta hondakinak gutxitzeari buruzko kontzientziazio-kanpaina.
•    Udalerriko arboladiak handitu eta lehengoratzea, eta horietan ingurumenaren alorreko sentsibilizazio-panelak jartzea.
•    Bizkotxaldeko kirol-kantxak handitzea.
•    Udalerriko bide-segurtasuna hobetzeko esku-hartzeak.
•    Eskudelak jartzea, oinezkoen irisgarritasuna hobetzeko.
•    Maskotak adoptatu eta beraiekin modu arduratsuan bizitzeari buruzko kontzientziazio-kanpaina.
•    Adinekoentzako gimnasia-zirkuituak jartzea.
•    Komun publikoak jartzea Iruaretxetan.
•    Iturriak jartzea udal parkeetan.
•    Garbigune ondoko haur-parkea birmoldatzea.
Herritarrek gehien bozkatuko dituzten 10 proiektuak, 400.000 euroraino, 2022ko aurrekontuan jasoko dira.
2022ko aurrekontuarekin finantzatu ezin daitezkeen, baina interesekotzat jotzen diren eta izaera estrategikoa mantentzen duten proiektuak, baina, aintzat hartuko dira 2023ko ekitaldiko aurrekontuetarako, eta herritarrek bozkatu ahalko dituzte.
Asier Iragorri Basauriko alkateak nabarmendu du «basauriarrek egiaztatu» dutela «prozesu honen bitartez eta Udalari beste bide batzuetatik helarazten dizkietenak ez direla ahanzturan erortzen; aurrera eramaten ari direla; benetako parte-hartzea sustatzen dugula, modu aktiboan parte hartu ahal dutela herria hobetzen. Izan ere, herritarrek, gero, ikusten dute beren ekarpen eta iradokizunak gauzatu egiten direla, Udalak auzoetan egindako lanetan, eskatutako eta abiarazitako zerbitzu edo programetan…».

 

Basauri, 2021eko urriaren 7an.

Etiketak