Trenbidearen zubia Zubialdean

Trenbideko zubi hori, zeinak Bilbo Pancorbora Urduñatik zihoan Errege Bidea Ollargan eta Montefuerteko meatze-barrutiko meatzeekin lotzen zuen, Zubialdea Auzoan dago, Nerbioi Ibaiaren gaineko Zubialdea zubitik hurbil, eta “Compañía del Ferrocarril de Tudela a Bilbao” enpresak eraiki zuen 1862. urtean. Hain zuzen ere, linea hori 1863ko abuztuaren 31n inauguratu zen. Trenbide horrek garrantzi handia izan zuen ustiapenaren lehenengo urteetan, Errioxako produktuak Bilboko Portutik itsasoratzeko, baina Mirandatik igarotzen zen Tutera eta Bilbo arteko linea ezartzeko egindako inbertsioa aurrekontua halako hiru izan zen, eta ondorioz sortu ziren eragozpen ekonomikoengatik, 1865ean ordainketen etendura deklaratu zen, eta egoera horretan Banco de Bilbaok lagundu behar izan zion Konpainiari. 1873tik 1875era, Bilbao eta Miranda arteko zatia itxita egon zen Bigarren Gerra Karlista zela-eta. Gerraren ondorioz gurpildun materialak eta trenbide-instalazioek kalteak jasan zituzten, eta azkenean, CFTB enpresa 1878an “Compañía de Caminos de Hierro del Norte de España” izeneko konpainiak xurgatu zuen.
    Tutera eta Miranda arteko tartea 1858 eta 1862 artean eraiki zen, eta Bilbo eta Miranda artekoa 1862 eta 1863 artean, hori guztia Charles Vignoles irlandar Ingeniariaren zuzendaritza teknikoaren pean, Cipriano Segundo Montesinos eta Manuel Peironcelly ingeniariek lagunduta. Bilbo eta Miranda arteko tartearen adjudikazioduna, Britainia Handiko Thomas Brassey & Company kontrata izan zen. Datu bitxi gisa, Bilboko Abando geltokiko nasetan linea hartako 29. zk.dun lokomotora dago oraindik ere. “Izarra” izeneko lokomotora Beyer Peacock & Company enpresak fabrikatu zuen 1862an, Manchesterren.
    RENFEren Zubialdeko trenbide-zubia gaur egun erabiltzen da (ziurrenik gutxi barru Abiadura Handiko Trena igaroko da zubi honen gainetik). Puntu erdiko hiru arku dauzka, jatorrian hareharrizko harlanduz eginak, gaur egun hormigoi armatuz zeharo sendotuak, baina hala eta guztiz ere antzinako estetika galdu gabe.

Trenbidearen zubia Zubialdean