Trenbidearen lubakiaren gaineko biaduktu

    1863. urtean, "Compañía del Ferrocarril de Tudela a Bilbao" lubaki bat eraiki zuen Bidebietako geltokitik oso gertu; horretarako, trenbide gisa erabiltzeko, Arizgoitiko zelaia moztu zuten, baita herriko bide bat ere, puntu horretan lotzen zituena Bilbotik Donostiarako errepidea Durangotik, eta Bilbotik Pancorbora zihoana Urduñatik. Lubakia, hortaz, mendebaldetik zabaldu zen 1931ko lehenengo hiruhilekoan, "Compañía de los Caminos de Hierro del Norte de España" (CHNE) enpresak egindako obretan. Hala, Bidebietako eremua bi zatitan banatuta geratu zen, eta bi guneetako oinezkoen zein ibilgailuen zirkulazioa Geltoki kaleko trenbide pasabidetik bideratu behar izan zen nahitaez, gaur egun Lehendakari Agirre kalea den lekutik, hain zuzen; horrek, argi dago, ondorioak eragin zituen.
    Lubaki haren gainean bidezubi bat eraikitzeko beharra Daniel de Oñate ingeniari jaunak idatzitako dokumentu batean aipatu zen lehen aldiz, hain zuzen ere Proyecto de aprovechamiento y conducciones de agua de Zarátamo lanaren memorian; agiriak 1926ko data du.
1928ko apirilaren 19an udal batzorde bat izendatu zen CHNE enpresako ordezkariekin hitz egiteko, Madrilen, lubakiaren gainetik zubi bat eraikitzeko proiektua idazteko; zubiak Benta eta Ariz auzoak Alfontso XIII.a Plazarekin lotzea ahalbidetu behar zuen (aurretik San Fausto Plaza izan zen, ondoren República, gero España, eta gaur egun, ostera, Arizgoiti).
    1929ko urtarrilean, bide ingeniaria zen Segundo Caamaño jaunak bidezubiari buruzko proiektua idatzi zuen; 1931ko ekainean, aldiz, aldatu egin zen, eta oholtzaren zabalera handitu egin zuten. Zubiaren diseinuan bi noranzkodun hormigoi armatuzko oholtza aurrez ikusi zen, 12 metroko zabalerarekin; oholtza hormigoi armatuzko pilareen gainean ezartzea diseinatu zen, 22,00 metroko argia eta 7,05 metroko gezia zuten hormigoi armatuzko lau arku parabolikoren gainean. Berez, barandak metalezkoa izan behar zuen, gaur egun dagoenaren modukoa, baina azkenean hormigoi armatu modelatuan egin zen, 1936ko otsailean udal arkitekto Hermenegildo Murga jaunak egindako proposamenari jarraiki.
    1935eko ekainaren 14an, udalak eta CHNEk kontratua sinatu zuten, enpresak bidezubia eraiki zezan udal funtsekin.
    1935eko abuztuaren 7an zubia eraikitzeko obren kontratua sinatu zen CHNE enpresaren eta ARREGUI CONSTRUCTORES, SA kontrata esleipendunaren artean.
    Lanak 1935eko azaroan hasi ziren, eta 1936ko ekainaren 10ean zubia udalari entregatu zitzaion, baita Behin-behineko Harrera Akta sinatua ere.
    Zubia eraikitzeko lanen kostua 88.996,78 pezetakoa izan zen; udalak 73.996,78 pezetako zenbatekoarekin finantzatu zituen lanak, eta Anónima Basconia enpresak, ostera, 15.000 pezetarekin.
Herri Lanen Ministerioak 29.498,71 pezetako diru laguntza eman zion udalari 1940an, aipatutako bidezubiaren eraikuntza lanak ordaintzen laguntzeko.
Udalak 1991. urtean bukatu zituen RENFEko trenbideko lubakia estaltzeko lanak, eta San Fausto Plaza eta egoiliarrentzako aparkaleku bat ere eratu ziren; hala, hasierako ikusmoldearekin erkatuz gero, bidezubia nahikotxo desitxuratu da.

Trinchera