Sanfaustoak ez dira ospatuko

   Basauriko Udalak eta Herriko Taldeak osatzen duten 16 kuadrillek sanfaustoak ez ospatzea adostu dute. Batetik, osasun arlotik ohartarazi dutelako udaren ostean birusa berriro ager litekeela; eta, bestetik, pertsonen arteko segurtasun-tarteari eta kontaktuari dagozkion neurriek indarrean jarraituko dutelako «normaltasun berria» delakoan zehar. Oso erabaki zaila izan da, baina sakon hausnartu dugu, eta arduraz jokatu nahi izan dugu, herritarren hobe beharrez. Eman beharreko urratsa zen. Aurten, jaiak baino, tokatzen dena da zuhurrak izatea: osasun-egoera zalantzazkoa da oraindik ere, eta, gainera, pandemiak gogor jo du gure herrian», adierazi dute.

   Azken egunotan, Udalaren eta jai-kolektiboaren ordezkariek informazio-bilerak egin dituzte Basauri-Ariz anbulatorioko Osakidetzako langileekin —hain zuzen ere, gure udalerriko COVID taldeko koordinatzaileekin—, bertatik bertara jasotzeko gaur egungo egoeraren eta etorkizunerako iragarpenen berri.¬«Sanfaustoen ezaugarri behinena da jai herrikoiak direla: gustatzen zaigu kalean elkartzea, jaiak kalean bizitzea. Baina, eredu horrek, gaur gaurkoz, arriskua sorrarazten die basauriarrei», ondorioztatu dute. Asier Iragorri Basauriko alkateak eskerrak eman dizkio, publikoki, Herriko Taldeaki, jaiak ez egiteko erabakia hartzean erakutsitako adore eta erantzukizunagatik. «Basauriarren osasuna lehenetsi dute», esan du. Beste alde batetik, Herriko Taldeakek esan du «ezinezkoa» dela «ohiko gure jai-ereduari eustea: ezin da jaitsierarik egin, ez herri bazkaririk, ez kontzerturik… eta kuadrillek ezin dituzte lonjak zabaldu».

   Jaietan gastatuko ez den aurrekontua (partidan 288.000 euro zeuden aurreikusita) bideratuko da koronabirusak udalerrian izandako osasun-ondorioei eta ondorio sozial eta ekonomikoei aurre egiteko gastuetara (jada egondakoetara eta etorkizunean egongo direnetara). Zentzu horretan, Basauriko Udalak eta Herriko Taldeakek baloratuko dute sanfaustoak ospatzeko datetan jai-ekitaldi puntualen bat egitea, «baldin eta kontaktu fisikorik ez badago eta jende asko biltzen ez bada, eta, betiere, ikusita zein den pandemiaren bilakaera hemendik jaien datetara arte».

Basauri, 2020ko uztailaren 2an.

Etiketak