San Pedro Apostol Eliza

   1926an, Arizgoitin tenplu berria eraikitzeko aukera aztertzen hasi ziren. Azkenean, 1934an, Udalak behin betiko onespena eman zion proiektuari, eta Hermenegildo José Murga Acebal udal arkitektoari enkargatu zion.

   1937ko agiri batek dioenez, langabezian zeudenak baliatu nahi izan zituzten Errepublika plazako (gaur egun Arizgoitiko plaza) San Fausto eliza bota, eta plaza berriro urbanizatzeko; izan ere, 1936ko ekainean zubia eraiki zuten «Ferrocarril del Norte»ren trenbideen gainetik igarotzeko, ibilgailuek errazago izan zezaten bertaraino iristea.

   Handik gutxira, ordea, Gerra Zibila hasi zen, eta 1940ra arte itxaron behar izan zuten aurrera egiteko. Urte hartan, Arizgoitiko San Fausto eliza zaharraren ordezkoa eraikitzen hasteko proiektua berrartu, eta horretarako finantziazioa lortu zuten.
Horrela, bada, 1941ean lurrak mugitzen, zimenduak jartzen eta hormigoizko egitura eraikitzen hasi ziren, Arizgoiti baserriko hondarren gainetik (1929an sute batek jota), Cía. Anónonima Basconiak lagatutako lurretan. 1942an, ordea, lanak gelditu egin ziren, dirurik ez zegoelako. Gerora, tonbolak antolatu zituzten, dohantzak jaso zituzten, eta, horri guztiari esker, obrek aurrera egin zuten.

   San Pedro apostuluaren eliza bi aldiz inauguratu zuten. Lehenengo inaugurazioa, 1942ko azaroaren 30ean izan zen: data horretan esan zuten lehenengo meza bertan, Cía. Anónima Basconiaren berrogeita hamargarren urteurrena ospatzeko; enpresa hori izan zen, hain zuzen ere, eliza eraikitzeko dohantza oparoenak egin zituena. Bigarren inaugurazioa, berriz, obrak amaituta zeudenean egin zuten, 1944ko ekainaren 29an. Hortik aurrera, Arizgoitiko San Fausto eliza behin betiko itxi, eta, 1945ean, bota egin zuten.

   Tenplua neobarrokoa da: gurutzadura-plantako nabe bakarra dauka, eta danbordun kupula. Fatxada nagusia mendebaldera begira dago, eta hiru gorputz ditu. Hiru gorputz horiek bereizteko, erantsitako pilastra landatuak eta erdi-puntuko hiru arku; arku horien gainean, hiru idi-begi. Moldura ugariko erlaitzaren gainean, harrizko balaustrada, JHS hizkiak dituen fatxada, eta, gorenean, San Pedroren eskultura. Behealdeko arkupeetan atarirako sarbidea dago; hegoaldeko fatxadan zehar ere jarraitzen du arkupeak, erdi-puntuko arkuekin, baina horiek xehetasun gutxiago dituzte. Aipatzekoak dira hegoaldeko fatxadako balaustradun balkoia, eta dorre prismatikoa ere; azken horrek, kupula txiki batek estalita dago, balaustrada dauka inguruan, eta Gandarias sendiak dohaintzan emandako kanpaiak hartzen ditu.

   Baliteke izena, tenplua eraikitzeko laguntza eman zutenen omenez jarri izana (Pedro Pascual Gandariasen oinordeen izenean, hain zuzen ere). Kanpaien izendapenetan ere, gauza bera antzematen da. Beste aukera bat da izena San Pedro arrantzalearen omenez jarri izana. Hori bai: tenplu barruan San Pedro Aita Santuaren irudia jarri zuten, zeina Etxebarriko El Boqueteko baseliza batetik ekarri baitzuten (hura ere «La Basconia»rena zen). Auzokideei ez zitzaien izen-aldaketa gustatu, eta, azkenean, lortu zuten San Faustoren tailu bat jartzea tenpluko gurutzaduran. Gaur egun, oraindik ere, lanean ari da auzokide-talde bat, elizari berriro San Fausto izena jarri diezaioten.

   Elizako irudien artean, ondoko hauek aipatu ditzakegu: Pasioa; 4 ebanjelariak irudikatzen dituzten kupulako freskoak; eta aldare nagusiko, zein alboko kaperetako tailuak.

Iglesia San Pedro Apostol   1943 urtean

 

Iglesia San Pedro Apostol 1945   1945 urtean

 

Iglesia San Pedro Apostol 1950   1950  urtean

 

Iglesia San Pedro Apostol 1978   1978  urtean

 

Iglesia San Pedro Apostol 2005   2005 urtean

 

San Pedro elisa