San Miguel Arcangel Eliza

   Basauriko San Migeleko elizatea Arrigorriagako udalerriaren parte izan zen, 1510ean bereizi zen arte. Orduan eraiki zuten San Migel Goiangeruaren eliza, 1510-1515 artean, XIV. mendeko baseliza erromanikoa egondako toki berean. Gaur egun Nekazarien plazan dago San Migeleko eliza, Elexalde auzoan.
Jatorrian nabe bakarreko eraikina zen, laukizuzena, 24,50 X 9,85 m-koa. Hareharrizko harlangaitzezko horma lodiak zituen, eta kanpoan, berriz, hargintzazko kontrahormak (lau iparraldean eta hiru hegoaldean). Lau isuriko teilatua zeukan, egurrezko egiturarekin: astazaldi eta zurezko armadura tirante bikoitzekin, Gotiko berantiarretik lehen Errenazimendurako trantsiziorako estilokoak.

   Gero, 1743an, iparraldeko eta hegoaldeko atariak muntatu zituzten, errekarrizko enkatxoarekin, eta zirkuluak eta landareak irudikatu zituzten buztinezko teila gorriekin. Maila berekoa ez bada ere, lan honek gogora ekartzen digu Martín de Gorostizak Zeberioko Elizondo auzoko Santo Tomas de Olabarrieta elizako atarietan egindako enkatxo lana, 1678an.

   1777an Elexalden, «Taberna Nagusia» izenekoan, udaletxea eraikitzen den arte, elizako hegoaldeko atarian hartzen ziren udal erabaki guztiak, harrizko mahai baten inguruan —hantxe egon zen 1955era arte—.

   Elizaren ipar atariko bi kontrahormaren artean eta atari nagusian hezurtegi bat egon zen. 2010ean desmuntatu egin zuten, eta gorpuzkiak (besteak beste, 945 burezur), Jaro de Artetxeko udal hilerrira eraman zituzten.

   1745ean korua eraiki zuten; ipar eta hego fatxadetan jarlekudun leihoa dauka (harrizko eserlekuak albo bietan, hormaren lodiera baliatuta egindakoak, paisaiari edota egunerokoari so egoteko). Seguruenik hurbileko dorretxe edo jauretxeren batetik ekarriko zituzten leihook, ez baitirudite oso egokiak landa-izaera nabarmena duen eliza baterako.

   1771ean kanpandorrea eraiki zuten elizaren mendebaldean, koruaren ondoan. Barroko estilokoa da eta, altueran, eraikin-gorputz bi ditu, bata bestea baino altuagoa; estalki gisa, kupula eta linterna. Garai berean ekarri zituzten Bilbotik hiru aldare barroko ere, San Nicolás de Bari elizatik kendutakoak. Ez da haien zantzurik geratzen.

   1832an erloju mekanikoa txertatu zuten kanpandorrean: esfera bakarra zeukan, eta harrizko pisu handiak; Arrasaten egin zuen José María Sagastik. Inskripzioak jasotzen du elizatiarrek dohaintzan emandako kanpaia ere bazeukala. Hasiera batean kanpandorrearen hegoaldeko fatxadan jarri zuten erlojua (seguruenik elizarako ohiko sarbidea ere hegoaldean egongo zelako), baina gaur egun mendebaldean dago, sarbidea bezalaxe.

   1868an kanoi-gangazko sabai aizuna eraikitzeko lanei ekin zieten, arku karpanelekin eta ilargixkekin, tenpluko egurrezko egitura tapatzeko. Lan horiek José Isidoro de Madariagaren laguntzari esker burutu ahal izan zituzten (Madrilen bizi bazen ere, basauriarra zen sortzez). Horrekin batera aldare bi jarri zituzten alboetan, Martin Luciano de Echevarri obra-maisuaren zuzendaritzapean; 15.436 errealetan pagatu zituzten.

   1881ean kanpandorreko erlojua eta kanpaia konpondu zituzten, eta 1902an, berriz, kanpandorrea bera lehengoratu, eta tximistorratza jarri zioten.
1913an apaizetxea eraiki zuten, ekialdeko fatxadari atxikita. 1951n, berriz, atarietako estalkiak konpondu zituzten, udal langileen laguntzarekin.
1969an iparraldeko ataria itxi zuten, bertan parrokiarako garaje bat eta biltegi bi egiteko.

   1970ean erretaula barrokoak eta alboetako aldareak kendu zituzten, egoera negargarrian zeudelako, eta aldare nagusiko zorua lehengoratu zuten.
1971n hegoaldeko ataria itxi zuten eta, horrekin batera, elizarako ohiko sarbideko atea ere bai. Taberna eta parrokiako lokala zabaldu zituzten. Une horretan bota zituzten kanpondorre ondoko atarietako isurkin goratuak, eta malda uniformea utzi zieten.

   1980an kanpandorrea lehengoratu zuen Legorbururen hargin-taldeak, eta metalezko eskailera berria jarri. Erlojua ere konpondu zuten, 28 urtez geldi egon eta gero. Esfera zaharraren ordez, Euskaldunako tailerretan egindako esfera berria jarri zioten, eta kanpandorrearen mendebaldeko fatxadan jarri zuten; makineria, ordea, Arrasaten 1832an egindako jatorrizko hura da.

   1993an, Jesús Sáez arkitektoaren gidaritzapean, 1868ko karpanel ganga kendu, eta zaharberritu egin zituzten tenpluko estalkiko egurrezko egituraren elementu hondatuak: agerian utzi zuten egitura zoragarri hori. Presbiterioa ere lehengoratu zuten, eta tenplu barrualdeko hormak kare-zementuzko morteroarekin (karea eta area) estali zituzten. Era berean, aldarearen atzealdea egurraren antzeko osagai aurrefabrikatuekin atondu zuten, zalantzazko «pop» itxura bat emanez; espero dezagun ahalik eta lasterren aldatzea. Urte horretan bertan zenbait debozio-irudi zaharberritu eta berriro jarri zituzten: Kristo gurutziltzatua, San Migel Goiaingerua, Errosarioko Ama Birjina eta San Blas.

   2010ean, berriz, lankidetza-hitzarmena sinatu zuten San Migel Goiaingeruaren parrokiak eta Basauriko Udalak, tenplua lehengoratzeko eta izaera publikoko erabilera sozio-kulturala emateko. Erabaki horren babesean, tenpluko estalki nagusiaren lehengoratze integrala egiteko obrak eraman zituzten aurrera 2010ean. Gero, 2011n, berotze-sistema berria jarri zuten: gas naturalezko galdara, klimatizagailua, beira-zuntzezko hodiak eta difusoreak. Gainera, kendu egin zuten aire beroa sortzeko gasolio erregailu zaharra.

   2015eko irailean Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Saila batu zen aipatutako hitzarmenera, eta iparraldeko ataria erabilera sozio-kulturaletarako esparru publiko gisa atontzeko lehengoratze lanak hasi ziren, Fernando Garaizar udal arkitektoaren zuzendaritzapean eta Rafael Purroy arkitektoaren proiektuari jarraituta. Urte bereko abenduan burutu zituzten lanok. Hauexek izan ziren egindako lanak: adreiluzko eta zapiatuzko alboetako itxitura kentzea (tenplua inguratzen duen hareharrizko hormatxoaren gainean zegoen eraikita), eta atariak joan den mendearen erdialdean zuen itxura berreskuratzea; atariko isurkinak eusteko egurrezko egitura zaharberritzea; estalkian isurkin berriak egitea, eta kanpandorre ondoko plano goratua berreskuratzea; inguru guztian hareharrizko harlangaitzezko hormatxo berria eraikitzea, horma-txapel eta guzti; tenpluaren ipar hormako hareharrizko hargintzazko hiru kontrahormak konpontzea, eta kare-zementuzko morteroa (karea eta area) ematea kontrahormen arteko zatietan; kareharrizko errekarrizko enkatxozko zolua lehengoratzea, bere gainean beira ijeztuzko zoru teknikoa jarrita —enkatxo lana babesteko, aldi berean enkatxo lana agerian utzita—; mihizturarik gabeko beira ijeztuzko itxitura jartzea inguruko hormatxoaren eta aipatutako atariko estalkiaren artean; eta beharrezko berotze-instalazioak, instalazio elektrikoak, telefonoak eta datu-instalazioak jartzea, atari horretan erakusketetarako eta ekitaldietarako gune bat sortzeko.

   Jotzen da 2016an hegoaldeko ataria ere antzeko erabileretarako egokituko dela, eta taberna itxi egingo dela.

   Tenplua ez dago Kalifikatutako Kultura Ondasunen Erregistro Orokorrean, ez eta Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Orokorrean ere. Hala eta guztiz, eraikina balio kultural handikoa da eta, beraz, Hiri-antolamenduko Plan Orokorrareko Hirigintza Arauen 11.3.1 artikuluaren 4. ataleko eraikinen zerrendan dago; bertan zerrendatutako eraikinei babes bereziko erregimena aplikatzen zaienez, horietan egindako esku-hartzeek aipatutako udal arauaren 11.3.2 eta 11.3.3 artikuluetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, hau da, zaharberritzeak egin beharko dira dagokion garaiko ezaugarriak aintzat hartuta. Hala agintzen du urbanizatutako eta eraikitako ondareren gaineko zaharberritze-jarduketa babestuei buruzko uztailaren 17ko 189/1990 Dekretuak.

   Era berean, tenpluko hormen barruko eremuak «A» mailako babes arkeologikoa duela jasotzen du udalerrian aztarna arkeologikoak izan ditzaketen guneei buruzko 2. fitxak. Hala xedatu zuen Eusko Jaurlaritzaren Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen 97/05/05eko Aginduak (97/05/30 eko EHAAn argitaratu zen).

   Azkenik, azpimarratu nahi dugu gaur egun tenpluan dauden debozio-irudiek duten balio handia. Adibidez: «Kristo gurutziltzatua» Bizkaiko Gotiko berantiarreko eskultura da, eta jotzen da 1515 aldera enkargatu zutela, garai hartako flandiar ereduei jarraituta (gerora, orduko zenbait «Kristoren» eredu izan zen). Idoia Zubizarretak irudia zaharberritu zuen 1993an: «San Migel Goiaingerua, armadura jantzita, arimen pisatzean», emakume itxurako deabru bat lantzaz zauritzen. XVI. mendekoa da, Behe Errenazimenduko manierista estilokoa, garai bereko erromanista estilokoa, eta Urkizu jaunak ere zaharberritua. Aipatzekoa, halaber, 1722an erositako bataiarriaren ondoan dagoen San Blasa.

 

 

Iglesia San Miguel 1915

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

1915 urtean

 

 

Iglesia San Miguel 2010

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

2010 urtean

 

 

Iglesia San Miguel 2016

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

2016 urtean

 

Ermita