San Migel Mendebaldeko urbanizazio-proiektua aldatuko da

Basauriko Udalak San Migel Mendebaldeko urbanizazio-proiektua aldatu du, bertako igogailua aurten eraikitzeko eta, hala, herritarren irisgarritasuna hobetzeko.

   Basauriko Udalak San Migel Mendebaldeko urbanizazio proiektua aldatu du: aurten eraikiko dute eremu horretarako aurreikusitako hiri-igogailua, herritarrek eskatu bezalaxe. Horri esker, ingurunea irisgarria izango da lehenbailehen.

   Gernika kaleko eta Ramón Kareagako zati berriaren arteko irisgarritasuna hobetzeko eta bigarren hori handitzeko eremu hartan hasieran proiektatutako igogailua egin ahal izateko, beharrezkoa zen lehenago, behealdean, Gernika kaleari paralelo, etxebizitza tasatuak eta libreak eraikitzea; baina proiektu horrek oraindik ez dauka ez sustatzailerik, ez hasiera-datarik. Egoerari irtenbide bat emateko, Basauriko Udalak, San Migel Auzo Elkartearekin eta eremu berrian bizi direnekin bildu eta gero, urbanizazio-proiektuaren aldaketa idatzi du, aipatutako zailtasun teknikoa gainditzeko eta igogailua eraikitzeko data aurreratu ahal izateko (litekeena da aurten bertan egitea).

   Hasierako proiektuan aurreikusitakoa ez beste kokapen bat izango du igogailuak.  Lehen, orubearen behealdean eskuinean egongo zen (hurrengo etxebizitza-ilara egongo den tokian). Proiektu berriarekin, aldiz, 15 metro erdirago egongo da, dagoeneko eginda dauden eraikinetatik hurbilago. Gainera, Castilnovo plazatik igogailura joateko bidea egingo da.

   Proiektuaren aldaketa onartuta, informazio publikorako 20 eguneko epea zabaldu da, non alegazioak eta iradokizunak aurkeztu ahal izango diren.

   Udalak 263.000 euro bideratuko ditu azpiegitura berria eraikitzera. Kopuru hori gehitu egingo zaio sektore osoa urbanizatzen jada inbertitutako 1,8 milioiei.

 

Basauri, 2020ko urtarrilaren 30ean..

Etiketak