Rockein! lehiaketa musikalaren seigarren edizioan izena emateko epea, irekita

   Rockein! Euskadi eta Nafarroako talde eta bakarlariei zuzendutako lehiaketa musikalaren seigarren edizioan izena emateko epea, irekita.

- Martxoaren 24rarte proposamenak jasoko dira eta finala maiatzaren 12an izango da Basauriko Social Antzokian
- Aurreko bost edizioetan guztira 524 proiektuk parte hartu dute
- 2017ko irabazleak, Los Cosméticos taldeak, ‘Puro plástico’ EPa eta ‘Úsame’ abestiaren bideoklipa aurkeztu ditu prentsa aurrean, iazko edizioaren sariaren ondorioz ekoiztutako lanak.

Rockein 2018

   Seigarren urtez jarraian, Basauriko Udalak, Arrigorriaga, Galdakao eta Laudioko Udalen laguntzaz, Euskal Autonomi Erkidego eta Nafarroako bakarlari eta taldeei zuzendutako Rockein! lehiaketa musikala iragarri du.

   “Aurkeztea erabakitzen duten proiektu musikalei oihartzuna emateaz gain, irabazleei mundu profesionalean sartzen laguntzen die. Bai disko edo bideoklip bat grabatzerako orduan, zein MAZ Basauriren mailako jaialdi batean edo Social Antzokiko finalean komunikabide berezituen aurrean jotzerako orduan”, esan du prentsa aurrean Andoni Busquet Basauriko Alkateak.

   Rockein!-en izena emateko epea martxoaren 24rarte egongo da irekita. Sektoreko profesionalek osatutako epai mahaiak maiatzaren 12an, larunbatez, Basauriko Social Antzokian joko duten sei finalistak aukeratuko ditu jasotako proposamen guztien artean. Gau horretan bertan epai mahaiak erabaki eta jakinaraziko du 2018ko edizioaren irabazleak zeintzuk izango diren.

   Jokoan dauden sarien artean EP (gutxienez bost abesti) baten grabazio, ekoizpen, masterizazio eta diseinu grafikoa, bideoklip baten ekoizpena eta Bizkaiko areto nagusienetako batean edo MAZ Basauri jaialdiaren barnean jotzea daude. Seigarren edizio honetan FNAC eta Metro Bilbao Rockein!-eko laguntzaile berriak izango dira.

   2017an Rockein!-ek parte hartze errekorra ezarri zuen, 129 parte hartzailerekin. Azken edizioko irabazleak, Los Cosméticos taldeak, sariaren ondorioz ekoiztutako lanak aurkeztu ditu: ‘Puro plástico’ bost abestidun EPa eta ‘Úsame’ abestiaren bideoklipa. Gazteleraz abestutako bost abesti berri dira, oinarri erritmiko sendoagoetatik abiatuta eremu ilunagoetara doazenak, taldearen unibertsoa
nolabaiteko arrisku eta dotoretasunez bustiz. Lan honetan Los Cosméticos-en garapena ikusten da, alde garageroa atzean utzita noise ukitua duen indie distortsionatu baten murgiltzeko.

 

Info gehiago...

 

Basauri, 2018ko urtarrilaren 2an.

Etiketak