Patarrietako zubiak

        1917 eta 1918 urteen bitartean “Compañía del Ferrocarril Central de Vizcaya” zelakoak 75 m-ko luzera zuen metalezko zubia eraiki zuen, sareta-habeekin, tarteko bi pilarerekin eta alboko ostikoekin, Nerbioi ibaiaren gainean eta Etxebarri eta Basauriren artean, 1882ko ekainaren 1ean irekitako Bilbao-Durangoko La Industrial izeneko adarrerako (Matiko-Azbarren), 1918ko apirilaren 13ean irekia. Zubi horrek, egun desagertuta dagoenak, ibaiaren ibilguarekiko 40º-tan okertutako luzerako ardatza zuen eta 1969ra arte erabili zen. Ondoren desmuntatu zuten, tarteko pilareak eraitsiz.
    1958. urtean, Compañía Anónima Basconia zelakoak eta Bandas de Etxebarriko instalazioetarako sarbidea formalizatzeko, arestian deskribatutakoa baino 25 m beherako zegoen hormigoi armatuzko zubia eraiki zuen, Nerbioi ibaiaren ibilguarekiko inklinazio gradu berarekin.   Ostikoko paramentu bertikalen artean 72 m-ko argia zuen eta hiru tartek osatzen zuten: 23 m-ko bi eta 26 m-ko bat, tarteko bi pilareen eta alboko ostikoen gainean ezarrita, 1955eko apirileko Javier Rodríguez Marquina bideetako ingeniariaren proiektuaren arabera. Une honetan erabiltzen den zubi honen egitura 2,50 m-ko kantaleko hormigoi armatuzko bi kaxa-habek eta 10,70 m-ko zabalerako taula batek osatzen dute, 7,672 m-ko galtzadarekin eta 1,514 m-ko alboko bi espaloirekin. Zubi horrek Arcelor-Mittalen trenbide linea pribatua ere eusten du.
    2005. urtean Bilboko Metropoli Trenbideak Patarrietako zubi berria ireki zuen Matikotik Azbarrenerako antzinako linearen bidearen gainean, ibaiaren ibilguarekiko 48º-tan okertutako hormigoi armatuzko zubi batekin, bao bakarrekoa eta tarteko euskarririk gabe, 86,16 m-ko argiarekin, CARLOS FERNÁNDEZ CASADO, S. L. ingeniaritzako Leonardo Fernández Troyano eta Lucía Férnandez Muñoz bideetako ingeniarien proiektua oinarri izanik. Metroaren zubiaren berezitasuna da zirkulazio bikoitzeko gainjarritako bi maila dituela: goikoak kotxetegietaranzko desbideratzea hartzen du eta behekoak 2. lineako bidea hartzen du. Egitura 60 cm-ko lodierako gainjarritako bi lauzek osatzen dute, 6,61 m-ko kantaleko Warren habe hiruki batekin lotuta. Azken hori hiru ganibetek osatzen dute, bi kanpoan eta bat bi bideen artean. Habe hirukiaren ganibetak “Z” formako hormigoi armatuko dobela aurrefabrikatuzko muntaia bidez eratu ziren, kontrako noranzkoan kokatuta.

Patarrietako zubiak