LAUGARREN URTEZ, "KAAY FEETCH" KULTURARTEKO TOPAKETA

Martxoaren 23tik 25era, Basaurin.

   Laugarren edizio honetan dantza eta perkusio ikastaroak, gazteentzako tailerrak eta musikaz beteriko Jaialdia jasoko ditu egitarauak, besteak beste. ZirtZart Basaurik eta Senarte Elkarteak antolaturiko eskaintza dugu hauxe, Afrikako eta Euskadiko tradizioetatik eraikia.

   Ostegunean, Moussa Diallok gidaturiko perkusio ikastaroa egongo da, arratsaldeko 17:00etatik aurrera. Ostiral arratsaldean (18:00-20:00) eta larunbata goizean (11:00-14:00), berriz, Pape Moussa Sonko dantzari profesionalak dantza ikastaroa emango du. Aipatzekoa da Senegalgo bi artista horiek, egun, punta-puntakoak direla, dantza eta perkusio afrikarrean. Ikastaroetan parte hartzeko, izena eman behar da aldez aurretik, Basozelaiko Gazte Informazio Bulegoan. Mugatua da toki kopurua.

   Larunbatean —herriko kaleetan zehar ibiliko den kalejiraren ostean— Jaialdia izango da Basozelai Gizarte Etxean, 20:00etatik aurrera, eta honako talde hauek ariko dira, zuzenean: Sapali taldea, Cissokho anaiak, Betto Snay, Bii Boor Black, Ardibeltz eta Milke One. Sarrera, 7 €-an izango da. Egunean zehar, goizez (10:00-14:00), Solobarria plazan, zenbait tailer burutuko dira. Tartean, Jaialdian parte hartuko duten musikariek erakustaldia eskainiko dute.

Argibide gehiago, hemen:
Basauriko Udala - Zirt-ZartBasauri, Gazteen Informazio Bulegoa - Kultur Basauri.
-    Telefono-zenbakia: 944 666 400 – 944 666 430.
-    Helbide elektronikoa: zirtzart@basauri.eus.

Kaay Feetch
Basauri, 2017ko martxoaren 8an.

Etiketak