Landa doktoreak, udal-medikuak 1852tik 1930era

   1934ko abenduaren 28ko bilkuran, Udalbatzak 1934ko urbanizazio-proiektuko “B” kaleari “Landa Doktoreen etorbidea” izena jarri zion, elizateko hiru mediku titular horiek, aitona, aita eta semea, 1852 eta 1930 bitartean egindako lana aintzatesteko.

   Malda handiko kale hori Arizgoitiko udaletxearen alboan dago, ekialdeko aldean, eta, gaur egun, arrapala mekanikoak dauzka. Arizgoitiko Plazako 1 zenbakidun higiezinaren aurrean hasten da, hau da, 1900. urtetik medikuak bizi ziren etxea, “Villa Landa”, 1964an eraitsi eta gero geratu zen orubean dagoen bizitegi-dorrean.

   Pedro Agustín Landa Trebolazabala jauna 1806ko martxoaren 14an jaio zen Muxika-Gorozikan, eta lehenengo Mª del Carmen Echevarria Aranguren andrearekin ezkondu zen. Ondoren, 1858. urtean Anselma Escalza Zabala andrearekin ezkondu zen.

   Ugaon bizi zen eta 1835. urtean Basaurin mediku kirurgialaria izateko plaza eskatu zuen, baina ez zioten eman, eta Arrigorriagakoa hartu zuen.

   1852ko urriaren 17an Basauriko mediku kirurgialaria izendatu zuten, eta kargua berretsi zioten 1877ko maiatzaren 6ko osoko bilkuran eta 1883ko ekainaren 17an. 1887. urtera arte egon zen lanean. Elexalde auzoan bizi zen.

   Pedro Agustín Landa Escalza jauna Basaurin jaio zen 1861eko irailaren 16an, eta Pedro Agustín Landa Trebozabala jaunaren eta Anselma Escalza Zabala andrearen semea zen.
 
   1883. urtean Bilbon plaza lortu zuen Artiga auzuneko mediku titular gisa.

   Arrigorriagan ezkondu zen Carmen Isasi Mendibilekin 1883ko martxoaren 17an eta, 1887ko apirilaren 10ean, Basauriko Elizateko kirurgialari titular izendatu zuten 25 urte zituela. Aukerako laguntza eskaintzen zien dohainik baliabiderik ez zeukaten udalerriko familiei. Ordurako, herriak bazituen 1.038 biztanle, horietako gehienak landa-eremukoak.

   1892. urtean Larrazabal auzoan ezarri zen Basconia Konpainia Anonimoak lehenengo immigranteak ekarri zituen udalerrira, 1900. urtean 300 langile zituen. Ordura arte, landa-herria zen nagusiki, eta udaletxea ez zegoen Arizgoitin, gaur egun bezala (1913tik), baizik eta San Migelen, Taberna Nagusiaren eraikinean. Hurbileko herrietako eta probintzia mugakideetako biztanleak etorri ziren, zeinaren ondorioz, Elizatearen bizitegi-ahalmena izugarri gainditu zuen populazio handia metatu zen.

   1900. urterako, Basaurin 2.056 biztanle bizi ziren, eta udalerriko industria-eraldaketa indarra hartzen hasia zen. Firestone-Hispania, Muñuzuri-Ripolín, Alvarez Vazquez eta Arizko Okindegia ezarri zituzten ondoren, eta,1920. urterako, udalerriak 5.199 biztanle zituen; 1930ean, berriz, 9.444 ziren.

   Garai hartan, udalerriko baserritarrek zeukaten osasunik onena; izan ere, langileen baldintzak eta bizi-ohiturak ez ziren gomendagarrienak osasunari begira. Udalerriko proletarioak pilatuta bizi ziren alokatzen zituzten logela txikietan, eta sukaldea eta ur-hornidura (iturri publikoetatik hartzen zutena) partekatzen zituzten. Urtebete baino gutxiagoko umeen zaintza eta elikadura ere kaskarrak ziren.

   Egoera hori ez zen estatuko eta Europako beste hiri batzuek industrializazio-prozesuan bizi izan zutenaren oso bestelakoa.
 
   Ondorioz, Basauriko langileek gaixotasun endemikoak izaten zituzten, hala nola tuberkulosia, bronkitisa eta pneumonia, baita beste izurri-gaixotasun batzuk ere: baztanga, elgorria, gripea, tifusa eta kolera, besteak beste. Heriotza-tasa nahiko altua zen haien artean, eta kezkagarria haurren kasuan: bizirik jaiotzen zen zortzi umetatik bat urtebete bete aurretik hiltzen zen, eta soilik bi herenek betetzen zituzten 15 urte.

   Garai hartako medikuak egoera horren jakinaren gainean zeuden, eta ahalegindu ziren izurriteen ondorioak arintzen. Udalerrian bereziki zabaldu ziren kolera morbo delakoa (1834–1855) eta Espainiako gripe pandemia (1918ko urria–1919ko apirila).

   Baliabiderik gabeko biztanleei arreta egin ez ezik, ur-biltegiak eta iturri publikoak desinfektatu eta elikagaien kontrola ere egiten zuten; hiltegi, merkatu eta tabernetako osasun-azterketak egiten zituzten.

   Louis Pasteur-ren aurkikuntza zientifikoek hainbat berrikuntza garrantzitsu ekarri zituzten XIX. mendearen bigarren erdialdean. Adibidez, haren gaixotasunen teoria mikrobianoari esker –edo gaixotasun infekziosoei buruzko teoria germinala–, txertoa, antibiotikoa, esterilizazioa eta higienea garatu ziren gaixotasun kutsakorren hedatzeari aurre egiteko metodo eraginkor gisa. Izan ere, teoria horren arabera, mikroorganismoek hainbat gaixotasun eragiten dituzte.

   Koch-ek, bestalde, gaixotasun infekziosoei buruzko teoria germinala frogatzea lortu zuen tuberkulosiaren inguruan egin zituen ikerketei esker. Medikuntza eta Fisiologia Nobel saria irabazi zuen lan horregatik 1905. urtean.

   Biztanleriaren hazkundea ikusita, Udalak “txiroen mediku titular”eko beste plaza bat sortzea erabaki zuen 1909ko urrian, eta Cosme Damián Bilbao Azcarayri agindu zion zeregin hori, Landa Escalza doktorearekin batera jardun zezan. Beraz, lurraldea banatu zuten: lehenengoa iparraldean aritu zen, zonalde hiritarragoa, eta bigarrena, berriz, hegoaldean, landa-girokoa. Biek euskaraz hitz egiten zuten.

   1919ko urtarrilean, Landa Escalza doktoreak udal-mediku titularreko lanpostuari uko egin zion, 57 urterekin eta Basaurin ia 32 urtez lan egin ostean, gaixotasun bat zela kausa. Urte horretan bertan hil zen, ekainaren 19an.

   Semeak hartu zuen haren lekua:  Jesus Landa Isasi. 1918an aitaren eta Cosme Bilbaoren ordezko mediku izendatu zuten, eta, 1919ko martxoaren 6an, kirurgialari titularreko lanpostuan hasi zen.

   1919an, bestalde, José Garay Isasi jauna izendatu zuten Jesús Landa jaunaren eta Cosme Bilbao jaunaren ordezko udal-mediku (supernumerario). José Garay doktoreak badu ere kale bat haren izenean udalerrian.

   Jesús Landa Isasi Basaurin jaio zen 1888ko azaroaren 27an, eta Etxebarrin ezkondu zen 1910eko apirilaren 28an Mª Victoria Echevarria Bilbao andrearekin. Hiru seme-alaba izan zituzten: Jesús (10 urterekin zendu zen), Carmen eta Rafael.

   Lan bikaina egin zuen eta haren etxea, “Villa Landa”, udalerriko Sorospen Etxe bihurtu zuen modu altruistan. Gazte hil zen, 41 urterekin, 1930eko urriaren 6an, 11 urtez eta 7 hilabetez udalerrian baliabiderik ez zeukaten familiei osasun-laguntza eman eta gero.

   1930. urtearen amaieran, Basauriko Udalak haren alargunari urtean 2.750 pezetako pentsioa ematea erabaki zuen. 1931ko Udalbatza errepublikanoak, ordea, atzera bota zuen pentsio hori. Auzitara eraman zen errekurtso-prozesu luzea hasi zen orduan: auzia Bizkaiko Administrazioarekiko Auzien Auzitegira eraman zen lehenik, zeinak udalaren aurkako epaia eman zuen epez kanpo erantzun ziolako Echevarria Bilbao andreak aurkeztutako salaketari, eta 1943. urtean burutu zen, Auzitegi Gorenak uUdalaren apelazioa ezetsi zuenean. Jesús Landaren alarguna 1938ko martxoaren 23an zendu zen, eta ez zuen inolako udal-pentsiorik jaso. Haren seme-alabek, Carmen eta Rafael Landa Echevarriak, kobratu zuten gerora,1943tik aurrera eta epeka.