1945 uztailaren eta 1946ko uztailaren artean, COMPAÑÍA ANÓNIMA BASCONIA enpresak Nerbioi ibaiaren gainean hormigoi armatuzko zubia eraiki zuen, hain zuzen ere Galdakao, Etxebarri eta Basauriko udalerrien arteko mugan, lantegiaren instalazioak CN–634 errepide nazionalarekin lotzeko. Zubia Basauriren jurisdikzioan dago % 50ean, eta aipatu diren beste udalerri bietako bakoitzarenean % 25ean.
    Zubiak hasieran erabilera pribatua eduki zuen, eta hala erabili zen 1980ko martxora arte. Une hartan, ALTOS HORNOS DE VIZCAYAk Basauriko Udalarekin hitzarmena sinatu zuen, BI-712 Foru Errepidean Atakako trenbide-pasagunea kentzeko obrak egiten ziren bitartean erabilera publikoko zubia izan zedin. 1981ean obrak amaitu zirenean, AHVk zubia berriro erabilera pribatukoa izan zedila eskatu zuen, baina Udalak ez zuen onartu, gurpildun ibilgailuak Udalerrira sartzeko bide berri hori mantendu behar zela alegatuz. Horregatik, enpresarekin negoziatzeari ekin zion, zubia eskuratzeko. 1983ko abenduaren 21ean zubiaren zama-proba egin zen, beroan ijeztutako hiruna txapa-bobinarekin zamatutako bi kamioirekin, guztira 463,62 tonako gainzama eginez. Emaitza ona izan zen. Alderdi bien artean akordio ekonomikorik egon ez zenez, desjabetzeko espedientea hasi zen ia-ia, baina azkenean ez zen formalizatu, zubia Bizkaiko Foru Aldundiaren alde besterendu zelako, AHVk Foru Ogasunarekin zeuzkan zorrak kitatzeko. Hortaz, 1980az geroztik zubi horren erabilera publikoa mantentzen da.
    Zubia Carlos Anabitarte Bideetako Ingeniariaren 1943ko abenduko proiektuaren arabera egin zen, eta azken kostua 1.314.260,75 pta.koa izan zen. Estribuen paramentu bertikalen artean 57 m-ko argia dauka, eta 19,41na m dituzten hiru tarte berdinek osatzen dute, tarteko bi pilaretan eta alboetako estribuetan bermatuak. Gaur egun erabiltzen den zubi honen egitura hormigoi armatuzko “T” itxurako eta 2,00 m-ko ertzdun sei habe dauzkaten hiru tartek eta zabaleran 9,25 m eta lodieran 0,35 m dituen hormigoi armatuzko taula batek osatzen dute. Ibilgailuetarako 6,50 m-ko galtzada dauka, eta alboetako espaloi bi, 1,375 m-koak.
    Zubi horren ordez bowstring motako beste zubi bat jartzea aurreikusita dago. ARENAS ASOCIADOS Y CV INGENIERÍA ABEEak 2008an diseinatu zuen zubi horrek, alboko bi arku metaliko bikoitz izango ditu, taula gaineko tirantedunak. Guztira 82,50 m-ko luzera eta 26,20 m-ko zabalera izango ditu, eta bi argi izango ditu, 75 m-koa bata eta 7,50 m-koa bestea, azken hori kofadura lagungarriari dagokiona, zeinen taula bi estributan eta Nerbioi ibaiaren ubidetik kanpo kokatutako hormigoi armatuzko pilare batean bermatuko baita. Ibilgailuetarako galtzada 10,50 m-koa izango da eta 3,50 m-ko hiru errei izango ditu, bi irteteko eta bat sartzeko, udalerritik irteten diren ibilgailuen fluxua handitzeko, horrela puntako orduetan gertatzen diren pilaketak saihestuko direlakoan. Gainera 2,75 m-ko bidegorri bat izango du, eta 2,80 m-ko espaloi bat zubiko ibilgailuetarako galtzadaren alde banatan.

La Basconia zubia