Karmelo Torre 3ko ingurunea berriro urbanizatzeko lanak amaitu dira

   Karmelo Torre 3ko ingurunea berrurbanizatzeko lanak burutu ditu Udalak, eta esku hartutako gunea zabaldu du. 85.629 €-ko euroko inbertsioa egin du erakundeak hobekuntza-obra horietan.

   Karmelo Torre 3n irisgarritasuna hobetzeko obrak eta mantentze-lanak egin beharra zegoen. Lehenagoko jarduketetan, Basauriko Udalak kale horretako gainerako atariak berrurbanizatu zituen, eta, orain, 3 zenbakiko ingurunearen txanda izan da. Bertan bizi direnek irisgarritasun-baldintza egokiak izan ditzaten, arrapala txiki bat jarri da, zegoen eskailera-maila kendu da eta eskudelak aldatu dira (oraingoek indarreko araudia betetzen dute eta eskubanda bikoitza daukate). Esandakoaz gain, eskailerak eusten dituzten hormak indartu eta hobetu dira, baldosak aldatu eta ingurunean erabilitako berdinak jarri dira, eta hautsita zeuden mailak granitozkoekin ordeztu dira. Baldosa zaharra kentzen hasi zirenean, ikusi zuten eskailera-buru batean zulo handi bat zegoela hormigoizko zoladuraren azpian eta eskailerak hondoratzen ari zirela. Egoera sakon aztertu eta gero, egiaztatu zuten eremu horretako saneamendu- eta drainatze-sareak ere egoera txarrean zeudela, eta horrek hondatu zituela eskailerak eta espaloiak. Arazoa konpontzeko, berritu egin dira saneamendu- eta drainatze-sareak eta argiteria publikoko sarea, eskailera-egituraren zati bat eta espaloietako zoladura.

   Obrak auzoetan eragiteko «Auzoegin» Ekintza Planaren barruan kokatzen da aipatutako esku-hartzea. Plan horren helburua da modernizazio eta hiri-berroneratze ekintzak garatzea udalerriko zenbait tokitan, herritarrek, elkarteek eta kolektiboek parte hartzeko zenbait bideren bitartez helarazitako eskaerei erantzuteko.

 

Basauri, 2020ko ekainaren 2an. Obras Karmelo Torre

Etiketak