"Hitz erdiko kontaketak"

Euskarazko ipuin laburren lehiaketak apirilaren 9an emango dio hasiera bigarren deialdiari, eta interesdunek ekainaren 9ra arte izango dute aukera horretan parte hartzeko.

  • Apirilaren 9tik ekainaren 9ra. «Seniderik ez zen agertu hiletan…» esaldia izango da abiapuntua.
  • 41 proposamen jaso dira lehen deialdian, eta Gontzal Martín Lorente basauriarra izan da garaile. Lierni Barandiaran Jauregizar gernikarrak irabazi du Elkar Saria.

«Seniderik ez zen agertu hiletan…». Esaldi horrekin bukatutzat jo zuen Gontzalek bere kontakizuna eta horri jarraipena ematea dute erronka bigarren deialdian parte hartu nahi duten gazteek, gehienez ere, ehun hitzeko kontakizuna idatziaz. Bakar-bakarrik onartuko dira euskaraz aurkeztutako testuak. Basauriko Udalaren Gazteria Zerbitzuaren webgunean (zirtzart.basauri.eus) dago deialdian izena emateko plataforma. Parte hartzeko, bertako eremu guztiak bete beharko dira.

Apirilaren 9an hasiera emango zaio bigarren deialdiari eta interesdunek ekainaren 9ra arte izango dute aukera lehiaketan parte hartzeko. Kontakizun bi sarituko dira: «kontakizunik onena», berrehun euroko sariarekin (200 €); eta «Elkar saria» —alegia, gazteenen arteko testurik onena—, hirurogeita hamabost euroko sariarekin (75 €). Gainera, saritutako kontakizunak Geuria aldizkarian argitaratuko dira.

Lehenengo deialdian berrogeita bat proposamen jaso ditu antolakuntzak. Honakoa da Gontzal Martin Lorente  garaile gaztearen kontaketa:

«Askotan gertatzen den bezala egunkariek tarte murritza eskaini zioten. Hala ere, Lolaren azken eldarnioak luze iraun zuen. Speed merkeak astindutako gorpuak nekez iraun zezakeen tente Lolak apartamentuko egongelan dantzan ziharduela. Ginebra zurrutadatxo bakoitzak barrenak erretzen zizkion eta, istant galkorrerako bazen ere, gazte sentiarazten zuen. Su-etena eskatu zioten belaun zaharkituek, eta oheratu egin zen. Sexu-gosea zerien izarak hanka hezurtxoekin hasi ziren jostatzen. Begiak itxi eta bizkarra okertzen zuen behin eta berriro, koltxoi kirrinkariaren kalterako, hankartea sabaitik zetorren argi zelestialari oparitu nahian. Kiratsak erakarrita, poliziek apartamentuko atea behera bota zutenean, ihaurrita aurkitu zuten Lolaren pantomima, barrea ezpainetan. Seniderik ez zen agertu hiletan.»

Bigarren deialdian parte hartu nahi duten interesdunek kontaketa horren azken esaldiari jarraipena eman beharko diote proposamen berria sortuaz. «Seniderik ez zen agertu hiletan…»

Bestalde, Lierni Barandiaran Jauregizar gazteak, 12-17 urte bitarteko parte hartzailerik bozkatuena, eskuratu du  “Elkar Saria”.

 

Informazio gehiago :

Ayuntamiento de Basauri – ZirtZart Gazte Bulegoa

Telf: 944 666 430

Correo electrónico: zirtzart@basauri.eus

Web: zirtzart.basauri.eus

 

ANIMATU ETA PARTE HARTU!!

EranskinaTamaina
Hitzerdiko kontaketak- bigarren deialdia (jpg)761.58 KB