Historía de la casa consistorial

Arizgoitiko udaletxea

   1913an eraman zuten udaletxea San Migeleko Taberna Nagusitik Arizgoitira. Eraikin berria Leopoldo Goicoechea Zulaica ingeniariak proiektatu zuen, eta hura eraikitzeko lanak zuzendu zituen, Victoriano Echeverria arkitektoarekin batera. Goicoechea Zulaica, garai hartan, Cía. Anónima Basconiako zuzendari teknikoa ere bazen. Echeverria jauna, berriz, udal arkitektoa izan zen 1913 eta 1923 artean; urte hartan hil egin zen.

   Udaletxe berria Arizgoitiko Taberna zegoen orubean altxatu zuten. Taberna bota bai, baina haren harria eta egurrezko egituraren zati batzuk berrerabili egin zituzten, udaletxe berria eraikitzeko. Lanak 1913ko maiatzean hasi ziren, eta urte bereko abenduaren 12an amaitu. Pablo Mendiola Ugartechea (Basauri) izan zen kontratista, eta obren kostua 50.650 pezetakoa izan zen.
1925eko urtarrila eta apirila artean, arku karpanelez eta terrazaz osatutako arkupeak altxatu zituzten udaletxearen iparreko, ekialdeko eta hegoaldeko fatxadetan. Proiektua Hermenegildo José Murga Acebal udal arkitektoak egin zuen, eta berak zuzendu zituen lanak. Eraiki, berriz, Arrizabalaga y López Castiella kontratistak (Bilbo) eraiki zituen arkupeok.
1930ean, udalbatzaren erabakiz, udaletxearen atzealdeko parkeari Juan Tomás de Gandarias izena jarri zioten. Izan ere, Gandarias jauna, Cía. Anónima Basconiako zuzendaritza batzordeko lehendakaria izan zen: enpresa 1892an sortu zuten, eta berau izan zen udalerriaren landa-izaera eraldatu, eta udalerria hiritartu zuena. Aldaketa horrek bultzatuta ekarri zuten udaletxea San Migeletik Basauri-Bidebietara.

   1941eko abuztuaren eta 1942ko otsailaren artean, udaletxea berritu eta handitzeko lanak egin zituzten, bertan bulegoak jartzeko. Murgaren proiektu eta zuzendaritzapean, Andrés Gorostiza Garay y Cía kontratak (Bilbo) egin zituen lanok.
1945eko apirila eta uztaila artean, berriz, Murga arkitektoaren proiektuarekin eta haren gidaritzapean, eraikinaren estaldura birgaitzeko eta fatxada nagusiko (ekialdekoa) gailurreria kentzeko lanak egin zituen Juan Antonio Arza Ipiñazar kontratak (Basauri). Izan ere, euri-urak sartzen ziren udal idazkariaren etxebizitzan, eta horrek hezetasun arazoak eragiten zituen.
1956ko urtarrilaren eta 1958ko uztailaren artean, udaletxea handitu egin zuten iparraldetik. Proiektua Pascual Perea Chavarri udal arkitektoak idatzi zuen, eta Francisco López Niclós kontratak egin zituen lanak.

   1958ko urriaren eta 1959ko azaroaren artean, udaletxea handitu egin zuten berriro ere, hegoaldetik, eta, berriro ere, Pascual Perea Chavarri udal arkitektoak egin zuen proiektua. Lanak, berriz, Juan Luis Guraya Rementeria enpresari esleitu zizkioten.
Azkenik, 1963an, udalbatzak 1913ko eraikina botatzea erabaki zuen. Goicoechea eta Echevarriarena zen jatorrizko eraikina, eta Murga eta Pereak zenbait aldaketa egin zizkioten. Bada, 1963an, Pascual Perea udal arkitektoari egin zioten udaletxe berria eraikitzeko enkargua, aurrekoa zegoen lekuan. 1964an Pereak proiektua idatzi, udalbatzak berau onetsi eta, urte berean, eraikin berria botatzeko eta berria eraikitzeko obren esleipena egin zuten. Obrak construcciones Prado SAri esleitu zizkioten. 1964ko abuztuan hasi, eta 1966ko maiatzean amaitu zituzten.

   Perea arkitektoak proiektatu eta zuzendutako eraikin hura da, aldaketa batzuekin, gaur eguneko udaletxea. Eraikina nazioarteko abangoardiaren adibide aitzindaria da Bizkaian, eta kalitate handiko lengoaia arrazionalistan eraikia dago.
1988an, Miguel Hurtado udal arkitektoaren gidaritzapean, solairu berria altxatu zuten hegoaldeko fatxadan, eta eraikinaren barrualdea zaharberritu zuten.

   Gerora, 1998 eta 2014 artean, arkitekto horren eskutik, eraikinean zenbait berritze egin dira, barrualdean zein kanpoaldean, gaur eguneko administrazio-lanei, energia eraginkortasunari eta irisgarritasunari lotutako beharrizan berriei erantzuteko.

 

Udaletxea 1913

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

1913 urtean

 

Udaletxea 1934

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

1934 urtean

 

 

Udaletxea 1948

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

1948 urtean

 

 

Udaletxea 1978

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

1978 urtean

 

Udaletxea 2012

2012 urtean