HERRITARREN LAGUNTZA, BAKARDADE-KASUAK DETEKTATZEKO

   Bizi dugun osasun-larrialdia dela eta, Basauriko Udalak laguntza eskatzen die herritarrei, bakardadean egoteko arriskua duten adinekoak identifikatu ahal izateko. Zaurgarritasun-arrisku hori duten askok arreta jasotzen dute ja, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek kasuak identifikatuta dituztelako. Orain, Zainduz programaren bitartez (mendekotasun-egoeran daudenen senitarteko edo zaintzaileentzako programa) eta Basauriko Udalaren Gizarte-politika Arloko Adinekoen Ataletik, helburua da udalerrian bakardade-arriskuan egon daitezkeen guzti-guztiengana heltzea.

   Kontuan hartuta koronabirusa gure udalerrian izaten ari den intzidentzia-maila, udal arduradunek helburu bat ezarri dute: bakardade-egoeran dauden herritar guztiak identifikatu, eta haiei arreta ematea. Talde horrek barne hartzen ditu oinarrizko beharrizanak asetzeko zailtasunak dituztenak eta laguntza-sarerik ez dauzkatenak (ez senitartekoak, ez bestelakoak); nagusiki, adinekoak —izan ere, Basaurin, herritarren % 26 inguru 65 urtetik gorakoa da, eta horixe da, hain zuzen ere, arrisku handiena duten kolektiboetako bat—.

   Azaldutako egoeran dagoen norbait detektatzen baduzu zure auzoan edo zugandik hurbil, jarri Udalarekin harremanetan, mesedez:

- Telefonoz: 94 466 63 48 edo 94 466 63 00
- Posta elektronikoz: Accion_Social_Unidad_Acogida@basauri.eus edo haz@basauri.eus.

Basauri, 2020ko martxoaren 25ean.

Etiketak