Babesleku antiaereoak Basaurin, Gerra Zibilean zehar (1936-39)

   1936ko irailetik 1937ko ekainera bitartean, matxinatutako bandoko bonbaketari-eskuadrilak igaro ziren Elizatetik (100 aldiz, gutxi gorabehera). Felipe del Ríok gidatutako ehiza-hegazkin errepublikanoak borrokan ere aritu ziren Basauriko zeruetan, eta, 1937ko apirilaren 18an, Junkers alemaniar bi eraitsi zituzten —horietako bat, Zabalandiko txakolindegitik hurbil dagoen Titigane mendiko pinudira erori zen (gaur egun Bilbondo dagoen tokian)—. Ordea, herria birritan baino ez zuten zuzenean bonbardatu: 1936ko irailaren 25ean, eta 1937ko maiatzaren 11n.

Gaztañabaltzagako bebeslekua

   Airetiko lehen erasoak hildako bat utzi zuen Urbin, eta metrailazko bonbak bota zituzten Ariz eta Urbi gainean. Bigarren bonbardaketak Arizgoiti, Uribarri, Sarratu eta Urbi hartu zituen; hildakorik egon omen ez bazen ere, kalte material ugari eragin zituen.

   Beste borroka bi egon ziren 1937ko ekainaren 12tik 15era bitartean, Basozelaiko futbol-zelaian eta Briñas de Ibarreta-Artunduagako pagadian (gaur egun Mercabilbao dagoen tokian) zeuden talde errepublikanoen, eta Santa Marinan eta Peña Lemonan zeuden nazionalen artean. Horrela, bada, 15ean hildakoak (tartean Aniceto Gurruchaga eta Mancha sendiko kide bi) eta zaurituak izan ziren —batetik, Basauritik Abusura zihoan Santanderreko trenbidearen tunelaren sarreran; eta bestetik, Bidasoa ibaia 8n—. Gero, ekainaren 16an, errepublikanoek Malmasin mendian zituzten azken zokoak berenganatu zituzten nazionalek, eta Nafarroako Lehen Brigadako Lakarreko Tertzioak udalerria okupatu zuen (aurreko egunean sartu ziren Basaurira Urbiko zubitik, Bilboko Burdin Hesia gainditu eta gero).

   1936 amaieran, 10.625 biztanle zituen Basauriko Elizateak: % 87 Bidebieta-Dos Caminosen, eta % 13 San Migelen.
Bidebieta-Dos Caminosen, Compañía Anónima Basconiaren eta Firestone Hispaniaren sirenak baliatzen zituzten airetiko erasoen berri emateko; San Migelen, berriz, San Migel Goiangeruaren elizako kanpaiak jotzen zituzten. Halaxe egiten zuten, «alcahuete» deitzen zuten hegazki alemaniar txiki aurrelari arakatzailea ikusi ahala.

   Airetiko lehen bonbardaketa eta gero, herritarrentzako babeslekuak eraikitzeko beharra ikusi zuten Tokiko Defentsa Batzordeak eta Udalak, eta trenbidearen tunelak, trenbide azpiko igarobide eta galeriak, eta Gaztañabaltzagako eta Zubialdeko meatzetako galeriak erabiltzen hasi ziren aterpe gisa. 1937ko urtarrilaren 22ko osoko bilkuran zera xedatu zuen Udalbatzak: eskarabila botatzea Dos Caminoseko geltokiko aterpean, hura egokitzeko; eta Artunduagan eta Urbin eraikitzen hasi ziren babeslekuetan konpresoreak eta zenbait material erabiltzea.

   1937ko otsailean, berriz, Bidearteko babeslekua eraikitzen hasi ziren, Probidentzia Ikastetxearen atzealdeko patio azpian —«mojen txaleteko» lorategitik sartzen zen bertara (gaur egun, Juan Ibargutxi kalean).

   1937ko martxoan babeslekuak eraiki zituzten zenbait tokitan, hala nola: Soloarte baserri ondoan; Ariz auzuneko Eskolan; Arte eta Lanbide Eskolan (Uribarri); Arizgoitiko udaletxeko ipar-mendebaldeko aldean; Pozokoetxen; eta Etxerren.

   1937ko apirilaren 16an, Urbiko babeslekua amaitu zuten. Handiena zen, eta, funtsean, Firestoneko langileek eraiki zuten, lantegiak Jaro de Urietan zituen lursailetan, Ferrocarriles Vascongadosen ondoan, Mugaguren etxe atzean, Eulateren lurrei pega-pega eginda. 500 bat lagunentzako edukiera zeukan babesleku hark.

   1937ko martxoan, bestalde, San Migeleko elizako dorretxea babesleku gisa izateko prestatu zuten lurrezko zakuekin, eta Iturrigorri errekastoaren gaineko zubia ere bai (Bilbo-Pancorbo errepidean edo «Camino Real de Lanas» izenekoan zegoen).
1937ko ekainaren 15ean, nazionalak Basaurira sartu eta gero, bertan behera geratu ziren babesleku guztiak, Dos Caminoseko geltokikoa izan ezik (1943ra arte mantendu zuten, Bigarren Mundu Gerran aliatuek Espainia erasotzen bazuten).

   Egindako ikerketaren ondorioz, 18 babesleku antiaereo aurkitu dira (erantsitako planoan horien kokapena). Hona hemen:

1.- Udaletxe atzealdeko babeslekua
1913an eraikitako udaletxearen ipar-mendebaldeko fatxada ondoan egin zuten (gero, 1964an, fatxada hori eraitsi, eta gaur egungoa altxatu zuten), bertan zegoen kareharri-harrobia baliatuta. Txikia zen, eta, gehienez ere, 40 lagunentzako tokia zeukan. 1940an bota zuten, eraikina egoera txarrean zegoelako, ura pasatzen zelako eta, ondorioz umeltasuna sortzen zelako udaletxean.

2.- Probidentzia Ikastetxe atzealdeko babeslekua
Cosme Bilbaoren eta Pedro de Oñateren ekimenez eraiki zuten (haiek eskatu zuten obra-lizentzia). Babesleku hura izen zen kokapen-planoa, oinplanoa eta altxaera-planoa izan zituen bakarra. Probidentzia Ikastetxearen atzealdeko patio azpian egon zen. 1982an sarbidea hormatu zuten, Juan Ibargutxi 7ko eraikuntza egiten ari zirela eta. Gehienez ere, 120 lagun hartu ahal zituen.

3.- Soloarte baserri ondoko babeslekua
Soloarte baserri ondoan eraiki zuten babesleku txiki hura (gehienez, 30 lagun), Galizia eta Fleming doktorearen kaleen arteko bidegurutzean. 1966an desagertu zen, baserria bota zutenean.

4.- Dos Caminoseko geltoki ondoko babeslekua
Bilbo-Tutera trenbidearen trintxera handitzeko 1931an egindako leherketen ondorioz sortutako zulo bat egokituta eraiki zuten babeslekua, trintxera horren ekialdeko malkarrean, Autonomia kalera eta San Fausto plazara joateko eskaileren ondoan. Sarbidea, gaur egun, hormatuta dago. Babeslekua txikia da: gehienez ere, 70 lagunentzako tokia dauka.

5.- Bolintxuko babeslekua
Bilbotik Urduñara doan trenbide azpiko harrizko galeria egokitu zuten babesleku gisa, zeinak Gaztañabaltza errekastoko urak bideratzen baitzituen. Lurrezko zakuak jarri zituzten, sarrera biak babesteko. 255 lagunentzako edukiera zeukan, eta 5-8 m altu zen. Gaur egun, Gaztañabaltzako sarrera itxita dago (kutxatila handi bat dago bertan), baina da ekialdeko sarrerako gangaren arkua zabalik dago oraindik.

6.- Gaztañabaltzagako meategietako galeriak
Gaztañabaltza errekastoaren ibarrean zeuden meategietako galeriak ere behin-behineko babesleku gisa erabili zituzten, hain zuzen ere, Matadero atzealdean eta Basozelairantz zeuden galeriak. Ezinezkoa izan da burdinazko antzinako meategi horien sarrerak aurkitzea.

7.- La Industrialetik Azbarrenerako tunela
Santanderrerako trenbideak La Industrialetik Azbarrenera zeukan adarra ere babesleku izan zen, Kareaga Behekoa eta Pozokoetxe artean.

8.- Arte eta Lanbide Eskola ondoko babeslekua
40 lagunentzako bebesleku txiki hura eraiki zuten Uribarrin, Compañía Anónima Basconiaren Arte eta Lanbide Eskola ondoan —Epifanio Zabalak Uribarriko bere txaletean eraikitakoa publikoa ez zela eta—. 1990ean eraitsi zuten, eraikin nagusiarekin batera, Uribarriko industrialdea egiteko. Ertzaintzaren gaur egungo kuartela dagoen tokian egon zen.

9.- Pozokoetxeko babeslekua
Ustez txikia izandako babesleku hura Ramiro Canivelen lursailetan eraiki zuten, Pozokoetxeko auzo-bidetik hurbil. Ez dago daturik kokapen zehatzari buruz.

10.- Arizko Eskolen ondoko babeslekua
Arizko auzune ondoko Eskoletan eraiki zuten babesleku txiki hura (gehienez ere, 40 lagun hartu ahal zituen), eta, ustez, Gerra amaitu eta gero eraitsi zuten.

11.- Urbiko babeslekua
1936ko abenduan hasi ziren babesleku hura eraikitzen Firestone Hispaniako Enpresa Batzordearen ekimenez, Ferrocarriles Vascongadosen trenbide ondoan, Jaro de Urietan, lantegiaren lur-sailaren eta Panadería de Arizko jabe ziren Eulate jaun-andreen lurren arteko mugan. 37/04/16an amaitu zuten. Hego-ekialdeko haitzaren malkarrean zulatu zuten. Ferra itxurako planta zuen, eta kanoi-ganga itxurako sarrera bi; 3,00 m zabal zen, eta 20 m sakon, gutxi gorabehera.
1937ko urtarrilaren 22ko osoko bilkuraren aktan jasota dago Julián Larrinaga Gobernazio zinegotziak adierazi zuela babeslekuak 1.500 toki izango zituela gutxi gorabehera; azkenean, baina, 500 baino ez zituen izan.
Gaur egun sarbideak hormatuta eta malkarra landarez beteta daude.

12.- Artunduagako babeslekua
Ez dakigu babeslekua zehatz-mehatz non egon zen; dakigun bakarra da Ibarreta-Artunduagan eraiki zutela, Briñasko pagadi ondoan, ahalegin handiz (kare-haitza gogorra zen, eta ez zeukaten makineria egokia). Ez dakigu eztaere zenbat lagunentzako tokia izango zuen.

13.- Etxerreko babeslekua
Gaur egun Etxerreko urmaela dagoen tokian zegoen kareharri-harrobian eraikitako babesleku hura, ez dakigu zehatz-mehatz non. Ez dakigu, eztaere, zenbat lagunentzako tokia izango zuen.

14.- El Boqueteko babeslekua
El Boqueteko trenbide-pasagunetik hurbil zegoen kobazulo txiki bat ere behin-behineko babesleku gisa erabili zuten. Suposatzen dugu edukiera txikia izango zuela. Aipatu kobazuloa desagertu egin zen 1978an, trenbide-pasagunea kendu zutenean.

15.- Iturrigorriko babeslekua
Elexalde auzoan, Bilbotik Pancorborako errepide azpiko harrizko galeria egokitu zuten babesleku gisa, zeinak Iturrigorri errekastoko urak bideratzen baitzituen. Lurrezko zakuak jarri zituzten sarrera biak babesteko. Gehienez ere, 90 lagun hartu ahal zituen.

16.- San Migeleko elizako dorretxeko babeslekua
1937ko maiatzean egokitu zuten. San Migel Goiaingeruaren eliza hareharrizkoa da, eta lurrezko zakuak jarri zituzten haren inguruan. 25 bat lagunentzako edukiera zuen.

17.- Santander-La Peña trenbidearen tuneleko babeslekua
Basconia kale inguruan hasi, eta Abusu auzoan amaitzen den trenbidearen zubia ere, babesleku izan zen. Bertan hil ziren Mancha sendiko zenbait kide, eta Aniceto Gurruchaga Duo ere bai (lehen pilotu-hegazkinlari basauriarra izan zen; 1917ko apirilaren 25ean, 20 urte zituela, pilotu «brevet»a lortu zuen Getafeko Abiazio Eskola Nazionalean). Tuneleko sarreran bertan eroritako obus batek akabatu zituen denak.

18.- Pozokoetxerako pasabideko babeslekua, Bilbo-Urduña trenbide azpian
Bilbotik Urduñarako trenbide azpiko oinezkoen pasabidea ere babesleku izan zen (Ibaizabal kalean hasi, eta Zumalakarregin amaitzen zen). Gaur egun, pasabidea handitu eta gero, ibilgailuak ere pasatzen dira handik. Kareaga Behekoa eta Pozokoetxe lotzen ditu.