Gandarias Meategi Trenbidearen Zubia
1855ean, Bessemer prozedura asmatu zen, burdin ez-fosforikotik altzairua lortzeko. Bizkaian, hain zuzen ere, mineral-mota hori zen nagusi. Prozedura hori asmatzearen ondorioz, ordura arte baztertu egiten ziren material-mota batzuk esportatzeko aukera zabaldu zen, hala nola, txilina eta horaila, eta, geroago, karbonatoa; azken hori motarik pobreena zen, eta kiskali egin behar izaten zen. Garai hartan, Bilbon eta Bilboren inguruan asko ugaritu ziren meategiak. Horren arrazoia hau izan zen: XIX. mendearen bigarren herenean eta XX. mendearen hasieran, Ingalaterrako siderurgiatik eskari handia egon zen, eta, neurri txikiagoan, baita Frantziako eta Belgikako siderurgiatik ere. Horrez gain, tokiko eskaria ere gorantz zihoan. Hori gutxi balitz, burdina ontziratzeko baldintzak ere aldekoak ziren. Ekoizpen prozesua honela hasten zen: minerala erauzi eta gero, mehatze-ahotik garbitegietara edo kiskaltze-labeetara eramaten zen, karbonatoak aprobetxatzeko; ondoren, txirtak kargatzen ziren Bilboko itsasadarreko karga-lekuekin edo tokiko galdategi hauekin konektatzen zuten trenbideetaraino: “La Vizcaya”, “ La Iberia” eta “Bilboko Labe Garaiak” (1902ko bat-egitearen ondorioz, “Bizkaiko Labe Garaiak” sortu ziren), “Boluetako Santa Ana”(1841) eta “La Basconia” (1892).
1857. urtean, Pedro Pascual de Gandarias jaunak Lezama Leguizamon familiatik eskuratu zituen Etxebarriko udalerrian (“San Esteban”,”Ricardo” eta “Carmen” meategiak) eta Basauriko udalerrian (“San Francisco” eta “San Francisco 2ª” meategiak) zeuden burdina-meategiak, eta, horrela, “Coto Minero de Ollargan SA” sozietatea sortu eta ustiatzen hasi zen. Ustiapen horrek XX. mendeko 50. hamarkadaren amaieraraino iraun zuen. 1903an, Coto Minero de Ollargan sozietateak ondo osatutako instalazioak zeuzkan, eta instalazio horietako batzuk Victor Chavarri jaunaren “Montefuerte” meategiarekin konpartitzen zituen. Burdin minerala hobeto aprobetxatzeko beharrezko elementu teknikoak zituzten instalazio horiek. Horrela, hiru tromel zituen txirtak garbitzeko, baita dekantazioa egiteko bi andel ere. Horiek, guztira, 63.076,08 m2-ko azalera betetzen zuten, eta Etxebarriko Lezama Leguizamón penintsulako “Carmen” meategiaren inguruan zauden. Minerala kargatzeko leku bat zeukan, txirtak “La Basconia”ra eramateko, idi-gurdien bidez, Bilbotik Pancorborako errege-bidetik, Urduñatik. Horrez gain, beste karga-leku bat zeukan Bilboko itsasadarreko Olabeagako kaietan, eta meategi-trenbide propioa ere bazeukan, 2.006 m luze eta 80 cm zabal. Trenbide horrek Basauriko meategiak lotzen zituen garbitegiekin, dekantazio-andelekin eta Etxebarriko mineralaren karga-lekuarekin, 45,70 m luze zen zubi baten bitartez, aipatutako errege-bidearen gainetik eta Iparraldeko Trenbidearen gainetik. 1910ean, instalazioak handitu egin ziren beste hiru tromelekin, eta 1913an bi kiskaltze-labe eraiki ziren, Orkonera modelokoak, karbonatoak aprobetxatzeko. Horien hondarrak gaur ere ikus daitezke Montefuerte Parkearen iparraldean.
Gandarias meategi trenbidearen zubia Zubialdea auzoan dago, Etxebarri eta Basauri udal-mugarteen artean, eta bost bao desberdin ditu. BI-712 foru-errepidearen gainetik 10 m inguruko altueran dago kokatuta, eta harlangaitzezko eta adreiluzko fabrikazko pilareak eta estribuak ditu, hormigoiz errematatuta. Horren egitura honela osatuta dago: metalezko habe bete errematxatuak, 50 eta 140 cm bitarteko sekzio aldakorrekoak, elkarren artean lotuta. 2000. urtetik aurrera, Gineako egurrezko taula listoiduna dauka, 3,80 x 45,70 m-koa. Margotutako altzairu galbanizatuzko alboko barandak ditu, bernizatutako egurrezko eskubandarekin. Gaur egun, Montefuerte Parkera sartzeko oinezkoentzako pasealekuaren parte da. Jatorriz, zubi horretan, trenbidearen errailak eta trabesak metalezko egitura nagusiari finkatuta zeuden, eta egurrezko entablazioaren gainean legar-geruza bat zegoen. Burdin minerala eramateko erabiltzen ziren bi ardatzeko bagonetak horien gainetik ibiltzen ziren. Hasieran, kate flotatzailedun makinek eramaten zituzten bagoneta horiek, eta, geroago, idiak erabiltzen hasi ziren horretarako.
Basauri
- Ezagutu Basauri
- Kokapen geografikoa
- Basauriko udal mapa
- Biztanleriaren gaineko estatistikak
- Eustateko datu estatistikoak
- Ondare arkitektonikoa
- Udaletxearen historioa
- Argazki artxiboa
- Pertsona ospetsuak
- Basauriko historia
- Bibliografia
- Gure sinboloak
- Jaiak
- Basauriko ibilaldien gida
- Ibilbide osasuntsuen gida
- Metrominuto
- La Basconia
- Eskarabillera
- Merituak
- Ingurunea
- Garraioa eta mugikortasuna
- Obra eta proiektuak
- Herritarren segurtasuna, larrialdiak, babes zibila
- Udal erakunde eta enpresak
- Elkarteen direktorioa
- Informazio interesgarria
- Jarduera ekonomikoa eta enplegu
- Agenda