Festibas 2019

   «Festibas»ek seigarren edizioa izango du maiatzaren 18an (larunbata), eta, horren kariaz, bertan parte hartzera gonbidatzen ditu herriko musika taldeak

   Seigarren urtez jarraian, «Festibas» banden jaialdia antolatu du ZirtZart Basauri Basauriko Udalaren gazteria-programa integralak, Kultur Basauriren eta Txantxangorri Bentako Auzo Lagunak Kultur Elkartearen laguntzarekin. Udalerriko musika taldeei eta Basozelai Gizarte Etxean dauden entsegu-gelak erabiltzen dituzten bandei eskainitako jaialdia da «Festibas».

   Maiatzaren 18an (larunbata) izango da hitzordua, Bentako Jaien egitarau barruan, Basauriko San Isidro plazan. «Festibas»en xedea da zuzenean jotzeko aukera ematea herriko musika taldeei, eta ikusleen aurrean bultzatzea proiektu bakoitza, jai-giroan.
Jaialdian parte hartu nahi duten taldeek martxoaren 31 baino lehenago eman beharko dute izena. Horretarako, antolatzaileek eskatutako agiriak aurkeztu, eta finkatutako gutxieneko baldintzak bete beharko dituzte, besteak beste: taldeko kide bat, gutxienez, Basaurin bizitzea, edota azken bi ikasturteotan (2017-2019) Basozelai Gizarte Etxeko entsegu-lokaletan aritu izana; eta taldeko kide guztiak 16 urtetik gorakoak izatea.

   www.basauri.eus udal webgunean eta zirtzart.basauri.eus atarian daude dokumentazio guztia eta oinarriak.

Festibas 2019

- Informazio gehiago hemen:
Basauriko Udala – ZirtZart Basauri Gazte Bulegoa
Tel.: 944 666 400
zirtzart@basauri.eus
http://zirtzart.basauri.eus/

Basauri, 2019ko otsailaren 4an.

Etiketak