Euskararen aholku batzordea

   Organo hau euskara gaietan partaidetzarako kontsulta-organoa izateko sortu da; zinegotziek eta udalerrian plan estrategikoan jasotzen diren esparruetan diharduten talde, elkarte eta erakunde publiko eta pribatuetako ordezkariek osatuko dute, eta Udalarekiko harremanak Euskara Departamenduaren bitartez izango ditu.

Antolaketa

Basauriko Udalaren Euskara Aholku Batzordearen osaera gutxienez 10 pertsonatakoa eta gehienez 20 pertsonatakoa izango da.
Hasiera batean honako kide hauek osatuko dute batzordea:

Batzorde-Burua
   Basauriko Udaleko Kultura, Hezkuntza eta Euskara zinegotzia

Batzorde-buruordea:
   Basauriko Udaleko Jaiak, Gazteria eta Kirol zinegotzia

Idazkaria:
   Basauriko Udaleko Euskara eta Kultura Teknikaria, honek hitza izango du baina botorik ez. Ordezkoa: Udaleko Kultura Politika eta Euskerako Atalburua.

Bokalak:
   Plan estrategikoan jasotzen diren esparruetan diharduten talde, elkarte eta erakunde publiko eta pribatuetako ordezkariak, titularrak eta ordezkoak, borondatez Batzordean parte hartzea erabaki dutenak. Esparruak honakoak dira: irakaskuntza, helduen euskalduntze-alfabetatzea, kultura, kirola, euskalgintza, hedabideak eta merkataritza.

   Bokalak izan ahal dira udalerri mailan euskararen alde lan egiten duten beste elkarte, erakunde edota taldeen ordezkariak, beti ere batzordearen gehienezko kopurua bete arte.

   Halaber, Batzorde-buruak edo bokalek eskatuta, Udaleko edota erakunde autonomoetako edozein langile tekniko joan ahal izango da, hitza bai, baina proposamen-gaitasunik gabe.

   Era berean, alderdi politiko bakoitzeko ordezkari bat ere bertaratu ahal izango da, azken udal hauteskundeetan aurkeztu bai baina udal ordezkaritzarik ez badute lortu ere.

Funtzioak
Aholku Batzorde honek ondorengo funtzioak ditu:

   Hasiera batean, Basauriko Udalari Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia egokitzen laguntzea, hots, udalerriko plan estrategikoa egiteko aholkuak eman eta ekarpenak egitea, udalbatzak ontzat eman aurretik.
   Bestalde, onartzen den plan estrategikoa garatzeko urteko kudeaketa-planen jarraipena egitea.
Oro har, Basauriko udalerrian euskararen erabilera normalizatzeko lanekin zerikusia duten gaiak aztertzea eta horien inguruko proposamenak egitea.