Errefuxiatuei harrera egiteko programa

ADIERAZPEN INSTITUZIONALA

   Europan, Bigarren Mundu Gerratik ezagutu dugun krisi humanitario larriena bizi dugu egun. Hamarnaka mila lagun heltzen ari dira gurera. Siriatik, Iraketik, Afganistanetik, Libanotik... datoz babes bila, etsi-etsian, euren herrialdeetako gatazka gordinetatik ihesi. Egoera horren aurrean, erakundeok erantzun koordinatu eta integratua eman behar dugu, pertsona horiei guztiei arreta eta laguntza eraginkorra eman behar diegu.

   Ez da bakarrik gizalegetasun eta duintasun kontua: milaka euskal herritarrek iraganean jasotako elkartasuna itzultzeko modua ere bada. Tamalez, hemen ere ondo baino hobeto ezagutzen ditugu emigrazioak eta erbesteratze politikoak dakarten zorigaitza.

   Toki erakundeok lan egin behar dugu arazo honi irtenbide bat aurkitzeko, baina ez modu isolatuan: Europar Batasuneko erakunde eta gizarte-eragile guztiontzako jarraibide komunak finkatu behar ditugu. Gidalerro horiek, gainera, elkartasun iraunkorrean oinarritu behar dira, familia errefuxiatuentzako harrera egonkorra bermatu behar dute.

   Erakundearteko ekintza-planean zehaztuko denaz gain, Basauriko Udaletik:

1.    Europar Batasunari eskatzen diogu asilo- eta immigrazio-politika komunak abiarazi ditzatela, Europako gizarteak berezko dituen gizalegetasuna edota elkartasuna bezalako baloreetan oinarrituta.

2.    Parte hartuko dugu errefuxiatuen harrerarako diseinatutako programan. Programa hori Eusko Jaurlaritzak erakundearteko kooperazioan oinarrituta antolatutako lantaldeak diseinatuko du, Europa, Estatu eta Autonomia Erkidego mailan; eta lantalde horren zeregina izango da ekintza-plan komuna abiaraztea, Europar Batasunak finkatutako ildoak aintzat hartuta.

3.    Gizarte-erkunde eta gizarte-eragileekin batera lan egin eta jarduerak koordinatuko ditugu, gure udalerrian errefuxiatuak hartzeko eta gure artean geratzea ahalbidetzeko.

4.    Harrerara bideratu eta errefuxiatuen esku jarri daitezkeen udal baliabideen inbentarioa egingo dugu.

5.    Herritarren lankidetza koordinatuko dugu. Laguntza emateko bideak zehaztu egin beharko dira eta, horretarako, jakin beharko dugu udalerrian zenbat errefuxiatu hartu behar ditugun, erakundearteko ekintza-planak nola banatuko dituen eskumenak eta koordinazio sistemak, eta abar. Bitartean, ordea, Udalean zerrenda bat egingo dugu, errefuxiatuak hartu nahi dituzten herritarrekin eta haiek eskaintzen dituzten baliabideekin. Beraz, errefuxiatuak hartu nahi dituzten basauriarrek izena eman ahal izango dute Herritarrei Informazioa eta Arreta emateko Bulegoetan (Kareaga Goikoa 52, udaletxeko beheko solairuan; eta Pagasarri z.g., San Migelen), bai bertara etorrita, bai telefonoz (94 466 63 00), bai webgunearen bidez (www.basauri.net).

6.    Bestelako eragile pribatuei  (adibidez: finantza erakundeei, enpresei, eta abar) eskatzen diegu harrera planarekin bat egin dezatela eta hondamendi humanitario honi aurre egiteko baliabideak eskaini ditzatela.

   Basauriko Udaleko Bozeramaileen Batzordea (EAJ-PNV, PSE, BASAURI BAI, BILDU, PP).

   Programan parte hartzeko sakatu hemen ...

 

   Udalaren ekimen horrez gain, errefuxiatuei harrera egiteko ekintzak modu bateratuan adostuko dituen koordinazio batzorde eragilean dago EUDEL, Eusko Jaurlaritzarekin eta foru aldundiekin batera. Era berean, harrera egiteko gizarte-elkarteen lana eta erakunde arteko jarduera koordinatzeko Batzorde Sozialean parte hartzen du.

   Batzorde Sozial horretako kide diren euskal erakunde eta gobernuz kanpoko erakundeek zera adostu dute: errefuxiatuenganako herritarren elkartasunari erantzun homogeneoa ematea, eta herritarrei parte hartzeko bide hauek ematea.

   Zelan lagundu jakiteko, egin klik hemen ...

 

Basauri, 2015eko urriaren 26an.

Etiketak