Emakumeen presentzia nabarmena Social Antzokiaren denboraldi berrian.

Social Antzokiaren denboraldi berria

Social Antzokiaren hurrengo hilabeteetako programazioak emakumeen presentzia nabarmena izango du, eszenako izen handiekin: Itziar Ituño, Magüi Mira eta Belén Cuesta. Denboraldi berrian antzerki, musika eta dantzako 16 ikuskizun egongo dira, eta Rafael Álvarez “El Brujo” aktoreak emango dio hasiera, urtarrilaren 15ean (larunbata), “El alma de Valle Inclán” ikuskizunarekin.

Urtarrilaren 22an antzerkia izango dugu berriro, Belén Cuesta eta Ricardo Gómez protagonista dituen “El hombre almohada” antzezlanarekin, eta, urtarrilaren 28an, Huts Teatroa-Artedramak “Atzerrian Lurra Garratz” euskarazko ikuskizuna eskainiko du. Itziar Ituño basauriarra Social Antzokiko agertokira igoko berriro, otsailaren 4an, eta, “La Tarara” antzezlanean, 70eko hamarkadako Bilboren erretratu soziala egingo du. Hurrengo egunean, otsailaren 5ean, Vaiven Teatrok “Yo, la peor del mundo” musikala taularatuko du, musika, umorea, melodrama erromantikoa eta tragedia uztartzen dituen ikuskizuna.

Gustu guztietarako proposamenak egiteko asmoz, Social Antzokiko urtarriletik martxora bitarteko programazioan zarzuelaren eta haren emakumeen antologia bat jaso da, eta, hain zuzen ere, Zabalguneko Masa Koralak, otsailaren 12an, “Si las mujeres Mandasen” antzeztuko du. Pabellón 6 Gazte Konpainiak “Los aborígenes: Lorca, Dalí, Buñuel” antzeztuko du otsailaren 19an, hiru jenio handiren arteko topaketa ikasle-egoitza batean. Eta otsailaren 25ean, euskarazko antzerkiaren txanda izango da berriro: Erre Produkzioen “Fake, Begiari Tranpa edo Tranpantojo” antzezlana izango dugu ikusgai, gezurra eta errealitatearen faltsifikazioa aztertzen dituena.

Marenek eta bere “Margaritas y Lavandas” LPak emango diote hasiera martxoko programazioari, euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko abestiekin (martxoak 4). Hurrengo egunean, martxoaren 5ean, Nerea Pérez de las Heras izango da “Feminismo para torpes” ikuskizuneko protagonista nagusia, umorezko bakarrizketaren, antzerkiaren eta konfesio pertsonalaren erdibidean.

Magüi Mira handia “Molly Bloom” izango da berriro, James Joyceren eleberriko pertsonaia mitikoa, eta haren bizitzarekiko pasioa, sexuarekin duen harremana eta printzipio femeninoak azalduko dizkigu (martxoak 19).

Dantzari dagokionez, Amaia Elizaran & Liam Ó ‘Maonlaí eta haien “Arima” proiektua izango dugu martxoaren 26an.

 

Haurrentzako programazioa

Haurrentzako programazioaren baitan, Candilejas Produccionesek “Blancanieves. El Musical” eskainiko du urtarrilaren 2an, eta urtarrilaren 9an, berriz, Teatro Paraísok bidaia liluragarri batean murgilduko ditu ikusleak, jolasaren bidez, euskarazko “Leihoak” ikuskizunarekin. Gorakadaren “Zuhaitzak landatzen zituen gizonak” antzezlana ere euskaraz izango da, otsailaren 20an.

Denboraldi berriari amaiera emateko, martxoaren 27an, “Hâi, la pescadora de sueños” ikuskizunarekin etorriko zaigu Cia. Giramagic; magia, antzerki bisuala eta objektuen antzerkia biltzen dituen ipuin indigena, 3 urtetik gorako haurrentzat eta familientzat.

Ikuskizun horietarako guztietarako sarrerak ohiko kanaletan egongo dira salgai abenduaren 18tik aurrera.

 

Basauri, 2021eko abenduaren 20a

Etiketak