·
Birziklatzean lortutako puntuekin, Aldeas Infantilesekin kolabora dezakete erabiltzaileek.
Basauri, 2023ko martxoak 9.- Birziklapenarekin konprometituta dauden basauriarrek sariak lortu ditzakete edarien plastikozko botilak eta latak birziklatzen dituzten bakoitzean; izan ere, Ecoembesek garatutako RECICLOS Itzulketa eta Sari Sistemaren (SDR) aldeko apustua egin dute Bizkaiko Foru Aldundiak eta Basauriko Udalak.
Gaur goizean herrian egin den ekitaldi batean, RECICLOS aurkeztu dute Asier Iragorri Basauriko Udaleko alkateak, Nerea Rentería Lurralde Politikako eta Kontratazioko zinegotziak eta Amaia Antxustegi Bizkaiko Foru Aldundiko Jasangarritasuneko eta Ingurune Naturaleko foru diputatuak, Fernando Blázquez Ecoembesen Euskadiko gerentearekin batera.
Zehazki, sistema horrek saritu egiten ditu birziklatzen duten pertsonak, pizgarrien bidez, eta horrela, ingurunea hobetzen lagundu dezakete, edo behar handia duten pertsonei lagundu, ontzien zirkulartasuna sustatzen jarraitzen duten bitartean, hau da, birziklapenaren bidez ontziei beste bizitza bat ematen dieten bitartean.
Bizkaiko Foru Aldundiak hiriko kaleetan kudeatzen dituen 150 edukiontzi horietakoren batean –teknologiaz hornitu dira– edarien plastikozko botilak eta latak birziklatuz gero, 40.320tik gora herritarrek puntuak lortuko dituzte, eta gizarte- eta ingurumen-proiektuetarako eman ahal izango dituzte puntu horiek, edo trukean sari jasangarriak lortu. Zehazki, besteak beste Aldeas Infantiles erakundearen proiektuekin kolabora dezakete Basauriko RECICLOSen erabiltzaileek, Sirian izandako lurrikarak kaltetutako familiei laguntzeko.
“Hau beste mugarri bat da Basauriko Udalarentzat, ingurumena zaintzen laguntzeko eta udalerriaren garapen jasangarria sustatzeko egiten ari den bidean, kasu honetan hondakinak birziklatuz. Gainera, ekimen honen bidez saritu egingo da herritarren kontzientzia arduratsua, bizi garen ingurunea zaintzeko egiten duten ezinbesteko ekarpena”, adierazi du Asier Iragorri Basauriko alkateak.
Amaia Antxustegi Jasangarritasuneko eta Ingurune Naturaleko foru diputatuak gogorarazi duenez, Bizkaia maila handiko lurraldea da ontzi arinen gaikako bilketan, eta, gainera, BZB sailkapen-planta Estatuko eraginkorrenetako bat da. “Horrek esan nahi du ontzi asko birziklatzen ditugula, eta, gainera, oso ongi egiten dugula. Bizkaitarrek asko eta ongi erabiltzen dute edukiontzi horia. Horregatik, bilketa maila handiko eta hautaketa maila egokiko lurraldea izanik, uste dugu merezi zuela RECICLOS Bizkaiko bigarren udalerri batean ezartzeak”, adierazi du. Gainera, ekimenaren balioa nabarmendu du Antxustegik, “ontzien zirkulartasuna sustatzen baitu, eta jasangarritasunerantz aurrera egiten lagundu, ingurumenaren eta gizartearen ikuspegitik”. “Ziur nago RECICLOSen bidez are gehiago hobetuko ditugula ontzi arinen gaikako bilketaren datuak, eta, horrela, Bizkaia lurralde jasangarriagoa izango dela”, gaineratu du.
Fernando Blázquez Ecoembesen Euskadiko gerenteak adierazi duenez, “eskerrak eman nahi dizkiegu Foru Aldundiari, Garbikerri eta Basauriko Udalari, RECICLOSen aldeko apustua egiteagatik, eta Bizkaiko eta Euskadiko biztanle guztiei, sistemak izan duen harrera bikainagatik. Bizkaiko herritarrek bereziki, eta Euskadikoek oro har, gero eta gehiago eta hobeto birziklatzen dute, eta orain, RECICLOSi esker, keinu sinple horrek eragin positiboa izango du ingurumenean eta gure ingurunean”.
Martxoaren 6tik 31ra bitarte 20 informazio-gune egongo dira, eta horietan, Itzulketa eta Sari Sistemaren (SDR) funtzionamendua azalduko diete hiru ingurumen-hezitzailek herritarrei. Hain zuzen ere, herritarren zalantzak argituko dituzte, RECICLOSen funtzionamenduari buruzko erakustaldi txiki bat egingo dute, eta, batez ere, aplikazioa nola deskargatu eta erabili behar den azalduko dute.
Euskadin, Basauriz gain, Donostian eta Bilbon ere badago SDR sistema, eta herritarrek sariak lortu ditzakete edarien plastikozko botilak eta latak birziklatzen badituzte teknologia hori duten bide publikoko edukiontzi horietan.
Era berean, RECICLOSek hainbat makina ditu Euskal Autonomia Erkidegoan, besteak beste Errekaldeko kiroldegian, Zorrotzako kiroldegian, Miribillako kiroldegian, San Ignazioko kiroldegian eta Bilboko geltoki intermodalean, baita Barakaldoko Max Ocio merkataritza-gunean ere, beste batzuen artean.
Horrela funtzionatzen du RECICLOSek
Sistema erabili nahi duten herritarrek RECICLOSen doako aplikazioa deskargatu besterik ez dute egin behar, eta, etxean, birziklatu nahi duten lataren edo plastikozko botilaren barra-kodea eskaneatu, ontzien poltsara bota aurretik. Ontzien poltsa kalean jarritako edukiontzi horira eramaten dutenean, bertan utzi eta edukiontzian dagoen QR kodea eskaneatu behar dute.
SDR sistemak makinak ere baditu, erabiltzaileek RECICLOS makina batean utzi ahal izateko edarien plastikozko botilak eta latak; horietan ere, makinan dagoen QR kodea eskaneatu behar dute.
Edukiontzi horiak edo makinak erabiliz gero, erabiltzaileek puntuak lortuko dituzte, RECICLOS izenekoak, eta eskura dauden sariak lortu ahal izango dituzte trukean.
Ecoembesi buruz
Gizarteak edukiontzi horian eta urdinean gero eta gehiago birziklatzea ahalbidetzen duen Estatuko erakundea da Ecoembes. Gizartearen laguntza horri esker, gaur egun 5 etxetatik 4tan diote ontziak (plastikozkoak, latak, brikak, papera eta kartoia) birziklatzen dituztela dagozkien edukiontzietan, beste bizitza bat emateko eta ingurumena babesteko. Ecoembesek ez du irabazirik, eta 7/2022 Legeak eta 1055/2022 Errege Dekretuak arautzen dute haren jarduera.
Informazio eta datu gehiago: https://www.ecoembestransparencia.com/
Informazio gehiago:
Javier Díaz / Lidia Bravo
jdiaz@atrevia.com; lbravo@atrevia.com
Telef. 673 76 48 95 / 673 33 98 46
https://www.ecoembestransparencia.com/
Twitter:@ecoembes_com @ecoembes
http://www.flickr.com/photos/ecoembes