Basauriko Udalak auzotarrekin batera baloratuko ditu Karmelo Torre eta Foruak kaleetako igogailuei buruzko azterlan teknikoak

Enpresa espezializatuek zenbait aukera aurkeztu dituzte proiektu bakoitzerako.

Basauriko Udalak baditu ja Karmelo Torre eta Foruak kaleetako hiri-igogailuen bideragarritasunari buruzko azterlan teknikoak. Txosten tekniko biak egiteko kontratatutako enpresa espezializatuek zenbait aukera aurkeztu dituzte proiektu bakoitzerako, eta udal arduradunak Kareagako eta Bidebietako auzo elkarteekin bildu dira, proposamenak aurkezteko. «Hemendik aurrera, igogailuen balizko kokapenetatik hurbil dauden jabekideen erkidegoekin batzartuko gara, proposamenak xehe-xehe azaltzeko eta haiekin eta auzo elkarteekin batera baloratzeko zein den aukerarik onena», azaldu du Asier Iragorri Basauriko alkateak. Aurreratu du, era berean, proiektu egokienak hautatu eta gero, «aztertu beharko» dutela «ea noiz hasi ahal garen igogailuak eraikitzen, Udalaren gaitasun ekonomikoa eta udalerriko auzo honetan zein beste batzuetan dauden beharrizanak aintzat hartuta».

Karmelo Torren, aukeretako bik proposatzen dute igogailu bi eraikitzea, eta hirugarren aukerak igogailu bakarra aurreikusten du. Igogailu bi proposatzen dituzten alternatibetan, aldea lehenengoaren kokapenean dago: aukeretako batean, lehenengo igogailua Karmelo Torre 21eko atzealdetik irtengo litzateke, eta bigarren aukeran, berriz, kale bereko 7. zenbakiko atzealdetik. Kasu bietan, bigarren igogailu bat egongo litzateke, auzoan gorago dagoen oinezkoen bidean. Bestalde, kasu horietan bietan, gaur egun pribatuak diren lursailetan egongo lirateke igogailuak, eta, hortaz, Udalak lagapena negoziatu beharko luke auzotarrekin.
Beste proposamenak igogailu bakarra aurreikusten du, zeinak beste aukera bien irisgarritasun bera ekarriko bailuke. Karmelo Torre 17, 19, 21 eta 23 atariek sortutako ezpondako patioan kokatuko litzateke, erdian geraleku bat izango luke, pasabide baten bitartez oinezkoen bidearekin lotzeko, eta begiratokiaren mendebalderaino iritsiko litzateke. «Hiru aukeretan berdin-berdin gaindituko litzateke desnibela, eta auzoko oinezkoen mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetu», zehaztu du Asier Iragorrik. Aurrekontuari dagokionez, berriz, antzeko inbertsioa egin beharko litzateke, aukera edozein izanda ere: 1.000.000 eta 1.300.000 euro artekoa (obra-zuzendaritza, proiektua idaztea eta azterlan geoteknikoak barne).

Foruak eta Kareaga Goikoa kaleen arteko igogailurako, aukera bi aztertu dira. Igogailu bat ala bi proposatu dituzte, eta, kasu bietan, 700.000 euro inguruko inbertsioa egin beharko litzateke.

«Joan den astean alternatibak aurkeztu genizkien beste alderdi politikoei, Hirigintzako Informazio Batzordean, eta gehienak igogailu bakarra aurreikusten duten aukeren alde agertu ziren. Dena dela, auzotarren iritzia ere jasoko dugu, noski, erabakia hartu aurretik», esan du Nerea Renteria Basauriko Udaleko Hirigintzako zinegotziak.

Etiketak