Basauriko Udalak 132.244 euro banatu ditu 2019an igogailuak eta eskailera-igogailuak jartzeko

Inbertsioari esker, igogailua jartzeagatiko dirulaguntza 16 jabekideen erkidegok jaso dute, eta beste zazpik, berriz, eskailera-igogailuak jartzeagatikoa eta igogailura sartzeko kota txikitzeko obrak egiteagatikoa.

Basauriko Udalak, 2019an, 132.244 euro banatu zituen etxebizitza-eraikinetan igogailuak eta eskailera-igogailuak jartzeko, eta igogailura sartzeko kotak txikitzeko obrak egiteko. Izan ere, 2013ko urtarrilean, etxebizitza-eraikinetan igogailuak jartzea sustatu nahi izan zuen Udalak —udalerriko etxebizitza-parkearen irisgarritasuna hobetzeko—, eta, horretarako, udal araudi teknikoa aldatu zuen: malgutu egin zituen horrelako gailuak jartzeko baldintzak, eta, besteak beste, 20 cm kendu zizkion 26-50 balizko erabiltzaile dituzten etxebizitzetan igogailuaren zuloak izan beharreko neurriei.

Jabekideen erkidegoek igogailuaren obra-aurrekontuaren % 20ko dirulaguntza jasotzen dute, 10.818 €-ko mugarekin. Ordainketa bi zatitan egiten da: erdia, obrak hastean; eta beste erdia, amaitzean. Hori dela eta, batzuetan gertatzen da lizentzia eta dirulaguntza ez direla urte berean jasotzen: baliteke ekitaldi bi edo gehiago ere igarotzea, dirulaguntzaren zenbateko osoa jaso arte. Udalak 2019an inbertitutako 132.244 euroei esker, igogailua jartzeagatiko dirulaguntza jaso dute jabekideen hamasei erkidegok, eta beste zazpik, berriz, eskailera-igogailuak jartzeagatikoa eta igogailura sartzeko kota txikitzeko obrak egiteagatikoa.

EIT txostenean jasotako lanak egiteko dirulaguntzak

Etxebizitzen birgaitzea sustatzeko herritarrei laguntza ekonomikoa emateko ildo horri jarraituta, berrogeita hamar urtetik gorako eraikinetako jabekideen erkidegoentzako laguntza-programa abiarazi zuen Basauriko Udalak 2013ko uztailean, Eraikinen Ikuskapen Teknikoan (EIT) jasotako lanak gauzatzeko. Basauriko Udalaren laguntzek dirulaguntza izaera dute. Zenbatekoa, berriz, obra-aurrekontuaren araberakoa da: 10-000-40.000 euro arteko aurrekontua dutenei, 1.000 euroko dirulaguntza dagokie; eta aurreikusitako kostua 40.000 eurotik gorakoa bada, 1.500 euroko dirulaguntza ematen da. 2019an zehar, Basauriko Udalak hogeita hamaika komunitateri eman zizkien dirulaguntzak, horrelako obrak egin zitzaten. Guztira, 34.500 euro banatu ziren.

 

Basauri, 2020ko otsailaren 28an.

Etiketak