Basaurik klima-aldaketaren eraginetara moldatzeko Plana izango du

   Udalerriaren ahultasun nagusiak aintzat hartuta, estrategia eraginkor eta koordinatua finkatuko da, dagokien balioa emango zaie dagoeneko martxan diren plan eta programei, eta etorkizunera egingo diren planetarako gidalerroak zehaztuko dira. Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak 12.419 €-ko diru-laguntza eman dio Basauriko Udalari, Plana idazteko. Horren harira, Udalak, datozen asteotan, lehiaketa publikorako deialdia egingo du, aipatutako Plana idazteko zerbitzua kontratatzeko (lizitazioaren zenbatekoa: 30.055 €).

   2010ean Alkateen Itunarekin bat egin zuen Basauriko Udalak. Horren bitartez, tokiko agintariek konpromisoa hartu zuten berotegi-efektuko beren isuriek % 20 txikitzeko 2020. urterako; xede hori lortzeko, energia-eraginkortasuna % 20 handitu beharko dute, eta energia-kontsumoaren % 20 berriztagarriekin hornitu beharko dute. Energia Jasangarrirako Ekintza Plana 2012-2020 (PAES) ere onetsi zuen Udalak. Plan horren helburua da udalerrian % 32,7 gutxitzea berotegi-efektuko gas-isurketak 2020rako, 2007. urtea oinarri hartuta. Agenda 21 barruko Tokiko II. Ekintza Plana 2013-2020 ere onetsi zuten (PAL) 2013ko otsailean. Udalaren jasangarritasun-politikaren oinarri dira horiek biak.

   2013-2014 aldiaren ebaluazioari buruzko udal txostenek diotenez, lehen bi urte horietan PAESaren ekintzen % 45 zeuden garatze-bidean, eta PALeko ekintzen % 53. Gainera, energia-jasangarritasunari buruzko udal sistemaren arabera, udal administrazioaren gas natural eta elektrizitate kontsumoetatik ondorioztatutako berotegi-efektuko isurketak % 10 jaitsi ziren 2015ean (2007rekin alderatuta). 2017rako aurreikusita dago isurketen udal inbentarioa egitea, eta, horri esker, aukera izango da udalaren osotasunaren bilakaera ezagutzeko.

   Gaur egun, ordea, Udalaren jasangarritasun-estrategiak (PAESa eta PALa) ez du aurreikusten klima-aldaketaren eraginetara egokitzeko plangintzarik. Jakinda ondorioak arintzea ez dela nahikoa (dagoeneko ageri-agerikoak direlako klima-aldaketaren ondorioak, eta okerrera egingo dutelako isurketak asko gutxituta ere), energiari eta klima-aldaketari buruzko mozioa onetsi zuen Udalbatzak 2015eko abenduan, non, besteak beste, «hirigintza-planeamendua eta udal ordenantzak klima-aldaketaren eraginetara egokitzeko neurriak abiaraztea» aurreikusten baitzen. Antzemandako beste zenbait inguruabarrek ere (adibidez: Hiri-antolamenduko Plan Orokorra berrikusiko da) argi utzi dute une egokia dela, Udalak Plana idazten hasteko.

   Egokitze Plan hau, klima-aldaketan eragina duten gainerako udal plangintza eta politiketarako oinarria eta abiapuntua izango da. Batetik, barne hartuko du klima-aldaketara moldatzea sustatzen duten udal plangintzetan aurreikusitako ekintza guztien analisia; estrategia osatzeko beharrezkoak diren ekintza berriak identifikatuko ditu; eta horren guztiaren ondoriozko neurrien lehentasuna finkatuko du. Bestetik, epe luzerako helburuak eta ildo estrategikoak planteatuko ditu (30 urtera), eta udal jarduera osoak, transbertsalki, horietara moldatu beharko du; helburu eta ildo horien barruan, gainera, zenbait fasetan gauzatzeko ekintzak ezarriko dira. Bi urtean behin ebaluatuko da Planaren betetze-maila —Udalaren jasangarritasun-estrategiak xedatu bezalaxe—, eta indarraldi bakoitzean garatu beharreko ekintzak zehaztuko dira. Era berean, Planak guztiz bat egingo du “Klima-aldaketen aurkako Euskal Estrategia 2050"ekin (Eusko Jaurlaritza, 2015), “Euskadiko Ingurumen Esparru Plana 2020”rekin, eta alor horretako Europako eta nazioarteko beste dokumentu batzuekin.

   Dokumentua egiteko faseei dagokienez, lehenengo eta behin diagnostikoa egingo da, eta finkatuko dira zeintzuk diren Basauriren ahulezia nagusiak, hain zuzen ere, klima-aldaketak zer-nolako aldaketak eragingo dizkien udalerrian «gako» diren sektoreei. Aintzat hartu beharko lirateke, adibidez, klima-aldaketak uraren zikloan, garraioan eta komunikazioetan, energian, ekonomian, lurraldean eta planeamenduan, bioaniztasunean, osasunean edo hezkuntzan izango dituen ondorioak.

   Udalerriaren ahultasun handienak identifikatu eta gero, aukera egongo da egoera berrira egokitzeko helburuak finkatu eta horien hurrenkera ezartzeko, klima-aldaketaren eragin negatiboak ahalik eta txikienak izan daitezen. Zentzu horretan, udal arduradunek uste dute Plana egokiro garatzeko, ezinbestekoa dela barruko eta kanpoko parte-hartzea. Hori dela eta, fase horretan zehar egin beharreko lanek kontuan hartuko dute udal langileen zein interes-taldeen parte hartzea. Udal barrura begira, klima-aldaketak ustez eragingo dituen udal arloetako arduradunengana joko da. Gerora ere, haiek izango dute Plana martxan jarri, eta horren jarraipena egiteko ardura. Kanpora begira, berriz, «gako»tzat jotako eragileen laguntza bilatuko da. Proiektu hasieran definituko dira, honako interes-talde hauek aintzat hartuta: gizarte-eragileak (auzotarren elkarteak, ekologistak, merkatariak, adinekoak, hezkuntza-komunitatea, eta abar; gehien-gehienak ordezkatuta daude Jasangarritasun Kontseiluan eta, beraz, parte-hartze organo hori baliatuko da haiekin harremanetan egoteko); Jasangarritasun Kontseiluan ordezkatuta ez dauden erakunde esanguratsuak; sektorekako elkarteak (merkatariak, enpresa handiak, pymeak, lehen sektorea, garraioa eta komunikazioak...); eta ezagutzaren kudeatzaileak (alor horretan lan egiten duten ikerketa-zentroak, plataforma teknologikoak edo unibertsitateak). Barruko parte-hartzearekin gertatu bezalaxe, kanpoko parte-hartzea ere Plana egiteko prozesu osoan zehar garatuko da.

   Azken dokumentuan, teknikoa ez den laburpena jasoko da. Dokumentu horrek aukera emango du herritarrei Plana azaltzeko modu didaktiko eta zorrotzean, zenbait komunikazio-bide erabilita.”

 

Basauri, 2017ko martxoaren 14an.

Etiketak