BASAURI BIZIA, Basauriko agenda app batean

«Basauri Bizia» udalerriko ekitaldien agenda jasotzen duen mugikorretarako aplikazioa aurkeztu du Udalak

   «Basauri Bizia» aurkeztu du gaur Udalak. Mugikorretarako aplikazioa da, eta udalerriko ekitaldien agenda jasotzen du. Dagoeneko eskuragarri dago Play Storen (Android) eta App Storen (Apple). Teknologia Berrietako zinegotzi den Asier Iragorriren esanetan, «tresna oso erabilgarria da ezagutzera emateko Basauriko kultura- eta aisialdi-eskaintza zabala». Udalak zein udal erakundeek (Kultur Basauri, Social Antzokia, Basauri Kirolak, Zirt Zart, Marienea, eta abar), eta herriko elkarte eta taldeek basauriar guztientzat antolatutako jarduerak jasotzen ditu app-ak, euskarazko nahiz gaztelaniazko bertsioetan.

   Urtean 600 bat ekitaldi antolatzen dituzte Basaurin. Bada, «Basauri Bizia»k aukera emango du bilaketak egiteko, bai dataka, bai erabiltzailearen lehentasunen araberako iragazkiak erabilita. Era berean, ekitaldiak sailkatu ahalko dira motaren arabera (erakusketak, hitzaldiak, zinema, kontzertuak, antzerkia, kirola, eta abar), hizkuntzaren arabera edota ikusle motaren arabera (haurrak, adinekoak, gazteak, adin guztietakoak, eta abar). Horrez gain, ekitaldi bakoitzari buruzko informazio xehatua emango du aplikazioak: data eta ordua; tokia; nori zuzenduta dagoen; ekitaldi mota; jardueraren deskribapena; eta prezioa (ordaindu behar baldin bada). Jakinarazpenen zerbitzua ere programatu ahal izango dute erabiltzaileek, datozen ekitaldiei buruzko abisuak jasotzeko mugikorrean (norberak hautatuko du, aurretiaz, denen ala iragazitako batzuen berri jaso nahi duen).

   Kultura- eta kirol-jarduera oparoa dago Basaurin. Urtean zehar jarduera asko antolatzen dituzte Udalak, udal erakundeek, klubek, elkarteek zein herriko bestelako taldeek, eta zenbait tokitatik jasotzen dute herritarrek horien guztien berri. Ordea, 2015era arte ez zen egon ekitaldi guztien agenda bateraturik; urte hartan, hain zuzen, ekitaldiak kargatzeko, bistaratzeko eta emaitza zenbait formatutara esportatzeko sistema garatu zuen Basauriko Udalak. Horri esker, orain errazagoa da udalerriko agenda osoa modu zentralizatuan kudeatzea eta antolatzea. Gainera, informazioa herritarrei eta bisitariei helarazi ahal zaie zenbait bidetatik.

   2015az geroztik, beraz, datu-base hori da Udal webgunean eta bestelako udal baliabide digitaletan argitaratutako agendaren oinarria, eta mugikorretarako app berria ere bertatik elikatuko da. «Herriko elkarte eta taldeei agenda bateratuaren berri eman genien duela urte bi, eta animatu genituen haiek antolatutako ekitaldien berri guri helarazteko, agendan txertatu ahal izateko. Orain, app-a martxan jarriko dugula eta, haiekin harremanetan jarriko gara berriro ere», gaineratu du Asier Iragorrik.

Agenda

Basauri, 2018ko urtarrilaren 12an.

Etiketak