Azbarreneko hitzarmena, babestutako 345 etxebizitza

Basauriko Udalbatzak onetsi beharko du Eusko Jaurlaritzarekin sinatu beharreko hitzarmen berria, Azbarrenen 24 zuzkidura-bizitoki eta babestutako 345 etxebizitza eraikitzeko (azken horietako 265 alokairurako izango lirateke). Hitzarmen berri horrek ordeztu egingo du erakunde biek 2004an sinatutakoa, eta bat egingo du udalerriaren beharrizan berriekin (gaur egun, alokairurako etxebizitza gehiago eskatzen dituzte herritarrek).

2004an, Eusko Jaurlaritzaren orduko Etxebizitza, Herrilan eta Garraio Sailak eta Basauriko Udalak esparru-hitzarmena sinatu zuten, Basauri udalerrian etxebizitza babestu programa bat ezartzeko. Hitzarmen hark Azbarreneko eremua ere hartzen zuen. «2004ko dokumentu hartan Azbarrenerako finkatutako babes ofizialeko etxebizitzak salerosketarako aurreikusi ziren, baina gizartea aldatu egin da ordudanik, eta, harekin batera, etxebizitza behar dutenen lehentasunak ere bai: gaur egun, alokairuaren aldekoak dira gehienak. Gauzak horrela, erakundeok gizartearen beharrizan berrietara egokitu behar dugu, erantzun bat ematen saiatu. Oso zaila da merkatuan alokairu babestuko 245 etxebizitzaren eta 24 zuzkidura-bizitokiren sustapena aurrera eramatea: erakundeen bultzada behar da», adierazi du Asier Iragorri Basauriko alkateak. 

Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren datuen arabera, Basaurin 2.078 herritar daude etxebizitzaren zain, eta haietako 1.645ek adierazi dute alokairuzko etxebizitza nahi dutela. 

Adierazitakoaz gain, hitzarmenak jasoko du basauriarrek lehentasuna izango dutela etxebizitzak esleitzerakoan, eta aukera egongo dela baten bat gordetzeko udal hirigintza-jarduketetarako.

Etiketak