Artunduagako zubia

    Dokumentuetan jasota dagoenez, zubia XIX. mende erdialdean existitzen zen, ordurako bazegoen; izan ere, gorde den idazki batean inguruko zenbait herritar kexu agertu ziren, 1869ko maiatzaren 9an udalari eskatu baitzioten oinezkoentzako 2,00 metroko zabalera zuen egurrezko pasabidea konpon zezan; pasabidea gaur egun hormigoi eta harlanduzko fabrikako zubiak hartzen duen toki berean zegoen, baina ibaiaren ardatzarekiko zeihar zegoen, eta malda baxuagoa zuen.
    Gaur egungo harrizko zubiaren proiektua bide ingeniaria zen Ángel Echevarria jaunak idatzi zuen, 1907ko martxoaren 20an; lanak, berriz, 1909ko martxoaren 10ean bukatu ziren, zazpi hilabete eta erdi iraun ondoren, eta kostua 50.646,48 pezetakoa izan zen.  Echevarria jauna, ingeniaria, izan zen lanen zuzendaria, eta Pablo Mendiola jaunak, ordea, langilezain gisa lagundu zion; bukatzeko, Antolín de Elorriagak kontratista lanak egin zituen.
    Zubiak 52,00 metroko luzera zuen, eta beheratutako hiru arku zituen, 12,00 metroko argia eta 1,25 metroko gezia zutenak; laugarren arku bat ere bazegoen, 5,00 metroko argiduna, eraiki zen garaian zegoen alanbreria baten ibilgurako erabiltzen zena, Nerbioi ibaiaren eskuinaldean. Batez beste 4,50 metroko altuera zuten lau pilarek eusten zioten multzo osoari. Jatorriz petrilen arteko zabalera 4,50 m eta 5,30 m artekoa zen ertzetik ertzera.
    Zubia Construcciones VILLANUEVA enpresak konpondu zuen 1975. urtean, eta bi aldeetan oinezkoentzako bi pasabide eraiki zituzten, espaloi gisa. 1983ko abuztuaren 26 eta 27ko euriteen ondorioz, oholtzak eta alboetako pasabideek kalteak jasan zituzten, eta horregatik, Construcciones SAUTUOLAk konpondu zuen 1984an; bidenabar, 7,25 metroko zabalera zuen oholtza berria egiteko aprobetxatu zuten, eta hormigoi armatuzko 5 bigen gainean ezarri zuten, zeharka.
    Zubi berria eraikitzeko lanen behin-behineko hartze akta 2011ko maiatzaren 27an sinatu zen, goialdean, alboetako metalezko arku eta pendoladun zubia eraikitzeko, harrizko zubi zaharraren alboan, hain justu; horrez gain, lehenagotik zegoen zubia konpontzeko lanei zegokien akta ere sinatu zen, oinezkoentzako egokitzeko. Hortaz, 1984an egindako oholtza kendu, eta 1907ko petrilen osaerara itzuli zen berriz ere; laugarren arkua, hala ere, desagertu egin zen. Betiere, Guillermo Capellan jaunaren, Juan José Arenas jaunaren eta Victor Garcia jaunaren proiektuaren arabera eta haien zuzendaritzapean egin ziren lanak, hiruak bide ingeniariak, eta lanen esleipenduna EXBASA Obras y Servicios la Contrata enpresa izan zen.

Artunduagako Zubia