Arizgoitiko San Fausto Eliza

    1882ko urriaren 5ean, Arizgoitiko auzokide batzuek inguru horretan ermita bat eraikitzeko eskatu zioten udalari, San Migel eliza eta Arizko ermita urrun zeudelako handik (ez dugu ahaztu behar Tuteratik Bilborako trenbidearen lubakia 1863an egin zela, eta horren gaineko biaduktu-zubia ez zela eraiki 1936ra arte). Baina 1892ko uztailaren 24ra arte udalak ez zuen erabaki ermita eraikitzeko batzordea eratzea. Batzorde horrek Ángel de Iturralde obra-maisuari agindu zion tenpluaren proiektua, eta azken horrek 1892ko abuztuaren 13an egin zuen aipatutako proiektua. Horren ostean, 1893ko abuztuaren 19an, obren enkantea adjudikatu zitzaion Bilboko Juan Izarcelaya kontratistari.
    Irakurtzen eta idazten ez zekien baina eskuzabaltasun handikoa zen Leocadio Ibarreche jaunak, Basauriko bizilagunak, 1893ko abuztuaren 19ko agiriaren bidez, udalari laga zizkion, doan, Arizgoitiko zelaiko lurrak. Lur horietan eraiki ziren ermita eta ermitara iristeko bideak. Bere jabetzako gainerako zelaiagatik alokairu sinbolikoa eratu zen, eta, gaur egun, Arizgoitiko plazaren zatirik handiena kokatzen da hor.
    Arizgoitiko San Fausto ermita eraikitzeko lanak 1893ko irailaren 21ean hasi ziren, eta zortzi hilabete iraun zuten. 1894ko irailaren 29an likidatu ziren, 19.805,67 pezetako zenbatekoagatik. Zenbateko horretan sartuta zeuden Iturralde jaunaren ordainsariei zegozkien 1.300 pezetak, obra zuzentzeagatik. 1894ko urriaren 13an inauguratu zen, San Fausto Nekazariaren jaiegunean. Hala ere, tenplua San Fausto Martiriaren izenpean jarri zuten; horren jaieguna urriaren 14a da.
    Ermita neogotiko txikia zen. Nabe bakarra zeukan, poligono-forman errematatutako absidearekin eta gurutzadurarekin. Elizpea eta sakristia hegoaldean zituen. Eraikitako azalera 321m2-koa zen, eta azalera hori honela banatuta zegoen: tenpluak 254 m2, elizpeak 49 m2 eta sakristiak 18 m2. Kareharrizko harri-hormen bidez eginda zegoen eustormetan eta kontrahormetan; adreiluzko bobedak zituen, teilatuak egurrezko egitura zeukan, eta teilak kurbatuak ziren. Koru txiki bat zeukan, solibez eginda eta egurrez oholeztatuta, 22 cm-ko ertzak zituzten altzairuzko habeen gainean. Tenpluaren eta sakristiaren lurzorua haritz-egurrezkoa zen. Ermitaren sartaldeko horma edo mendebaldeko fatxada honela osatuta zegoen: hastial bat zeukan, bao bakarreko kanpai-hormarekin, kanpaiarekin eta gurutze txiki batekin. Gainjarritako gorputza zeukan, arrosa-leiho bakarreko frontoi batez osatutakoa. Horren azpian, molduratutako ojiba-atea zegoen, bai eta alboko bi pilastra ere, pinakulu banatan errematatuta.
    1915eko urtarrilaren 15ean, ermita San Migel Arkanjeluaren elizari erantsitako elizatzat hartu zen, eta, 1928ko martxoaren 24ko Errege Aginduaren bidez, parrokia izatera pasatu zen, San Migelekotik independentea.
    1936ko ekainaren 20an, alkateak, Pedro Crespo jaunak, Cesáreo Urgoiti parroko jaunari jakinarazi zion tenplu horren ordez beste bat eraiki behar zela. Tenplu berri hori lubakiaren bestaldean eraikiko zen, Compañía Anónima Basconia-ren lurretan (gaur egungo San Pedro Apostoluarena). Izan ere, alkateak esan zionaren arabera, Arizgoitiko San Fausto elizak Iparraldeko Trenbidearen lubakiaren gainean zuela gutxi eraiki zen biaduktu-zubirako sarbidea hartzen zuen, eta Errepublikaren Plaza handitu ahal izatea galarazten zuen. Gerra zibilaren eraginez, lubakiaren bestaldean ezin izan zen tenplu berri hori eraiki. Hala ere, azkenean, San Pedro Apostoluaren eliza birritan inauguratu eta gero (1942an eta 1944an), Arizgoitiko San Fausto tenplua 1945ean eraitsi zuten. Arizgoitiko San Fausto Kordobako San Fausto Martiriari zegokion, erromatar legionarioa; beraz, Arizko Ermitako San Fausto Nekazariarekiko desberdina zen.

Ermita San Fausto de Arizgoiti

Iglesia San Fausto