Arizbarrenako zubia

    1876ko abuztuaren 28az geroztik jaso dira Etxebarri eta Basauri artean kokatuta dagoen Nerbioi ibaiaren gaineko zubi honen berriak. Ziurrenik egurrezkoa izan zen eta Elías de Tellechea jaunak eraiki zuen Etxebarritik Basauriko bere Arizbarrena Galdarak fabrikara heltzeko. Zubi hori desagertu omen zen 1891ko uztailaren 2an, Manuel de Murga jaunak, Etxebarriko Etxezuri baserriko jabeak, baldintzak jarri zizkielako Etxebarriko eta Basauriko Udalei zubi berri bat eraikitzeko, izan ere, zubi horrek bere jabetzako lurrak zeharkatuko zituen. Baldintza horien artean, bere zoladurarako egurra eta alboko baranden eskudelak eskaintzea eta eskulanaren zenbatekoa ordaintzea zeuden. Basauriko Udalak 1892ko urtarrilaren 29ean eta Etxebarrikoak urte bereko otsailaren 10ean zubiaren eraikuntza bere gain hartu zuten, Basaurikoak 75 pzta. eta Etxebarrikoak materialak eta 25 pzta. eskainiz. Egurrezko zubi hori Leocadio Ibarrechek egin zuen eta udaleko erabaki horietan “Kareagako zubia” deitzen zen.
    Egurrezko zubi hori 72 m-ko luzerako metalezko zubi batekin ordezkatu zuten, Compañía de Ferrocarriles Vascongados zelakoak eraikia Bilbotik Durangorako linearako. Sareta-habeak, tarteko bi pilare eta alboko ostikoak erabili zituen. Zubiak, bideez gain, oinezkoentzako pasabide atxikia zuen egurrean zolatuta hego-ekialdeko aldean. Ez da ezagutzen eraiki zeneko data, baina oinezkoentzako bide publikorako kanon baten ordainketari buruzko agiriak daude, eragindako udalek CFVri egina, 1931tik 1935ra bitartean, baita Basauri Etxebarrirekin oinezkoentzako lotzen zuen pasabide horren barandaren konponketari buruzkoak ere 1933. urtean.
    1950. urte inguruan CFVren Arizbarrenako zubi metalikoa hormigoi armatuzko beste batekin ordezkatu zuten, ostikoen paramentu bertikalen artean 72 m-ko argia zuena eta hormigoi armatuzko tarteko bi pilareren eta alboko ostikoen gainean ezarritako hiru tartek osatuta. Gaur egun eraitsita dagoen eta duela gutxi EUSKO TRENBIDEAK egindakoarekin ordezkatutako zubi horren egitura pilareak eta ostikoak euskarri zituzten hormigoi armatuzko habeek eta 12,00 m-ko zabalerako hormigoi armatuzko taula batek osatzen zuten. Azken horrek bide bikoitzeko plataforma eta metro bateko alboko espaloi baxuagoa zituen eta bi udalerriak lotzen zituen oinezkoentzako bide baten bidez.
    Leku berean eta METRO BILBAOren Patarrietako zubitik 200 m-tara urari goiti 2012ko ekainaren 6an EUSKO TRENBIDEAKen Arizbarrenako zubi berria ireki zen, Ferrocarriles Vascongadoseko Bilbao-Donostia linearen antzinako bidearen gainean. Zubi berri hori hormigoi armatuzkoa da, okertuta hau ere ibaiaren ibilguarekiko, bao bakarrekoa eta tarteko euskarririk gabekoa, 80,00 m-ko argiarekin, 2009ko uztailean CARLOS FERNÁNDEZ CASADO, S.L. ingeniaritzako Leonardo Fernández Troyano bideetako ingeniariak idatzitako proiektua oinarri izanik. Zubiaren superregitura bertikalarekiko 16º-tan okertuta dauden hormigoi armatuzko goiko bi arkuk, giltzarrian eta gerrietan hormigoi armatuzko habe horizontalen bidez lotuta, eta arkuetatik penduluekin eutsitako ondoren atezatutako hormigoi armatuzko beheko taulak osatzen dute, multzo guztiak ebakidura trapeziala eratuz. Egitura hori hormigoi armatuan egindako eta azpialdeko harrietan zimendatutako ibaiaren bazterretako ostikoen gainean ezarrita dago. Taula ebakidura sendoko eta 1,50 m-ko lodierako hormigoi armatuzko luzetarako bi habek, zeharkako saihetsekin loturiko penduluen kutxatilak biltzen dituztenek, eta 12,50 m-ko zabalerako eta 0,25 m-ko lodierako taularen hormigoi armatuzko lauzak berak osatzen dute.  Urari beheiti, taula 5,40 m-ko zabalerako hegal batekin luzatzen da, baranden ardatzen artean 4,50 m-ko oinezkoentzako bidea eratzen duena, Etxebarriko Santa Ana kalea Basauriko Larrazabal etorbiderako bidearekin lotzen dena, beraz, bi udalerrien arteko oinezkoen bidea nabarmenki hobetu da.

Arizbarrena zubia antzinakoa eta berria.