Aniceto Gurruchaga Duo. Pilotu-hegazkinlaria

   Loreto Aniceto Gurruchaga Duo zuen izen ofiziala. Basauriko Kareaga auzoan jaio zen, 1896ko abenduaren 10ean, 23:00etan. Ignacio Gurruchaga Letamendia zuen aita (Gaztelu, Gipuzkoa; Tolosatik 7 km-ra dagoen herrixka), eta Fidela Duo Gaztañaga ama (Barrika, Bizkaia).

   Mekanikaria zen Aniceto, eta 19 urterekin hasi zen hegan egiten: Dehesa de Santa Quiteriara joan zen (Getafe, Madril), Sustapen Ministerioaren Escuela de Aviación Civil delakoan «brevet»a edo pilotu-hegazkinlari titulua lortzera —Eskola hura 1911n jarri zuen martxan José González Camó zalditeria kapitainak—. Getafeko Eskola Nazionala Gerra Ministerioaren parte izatera igaro zen 1917an, Alfredo Kindelán zuzendari zela. Sasoi hartan, Getafen zegoen Real Aero Club de España ere.

Aniceto

   Ez dakigu zelan pagatuko zituen Gurruchagak Getafeko bere ikasketak, baina, kontuak kontu, eskola teoriko eta praktikoak jaso zituen Europako aristokratekin batera. Gero, «los cinco ochos» eta «vuelo planeado» izeneko nahitaezko probak gaindituta, pilotu-abiatzaile lizentzia eskuratu zuen 1917ko apirilaren 25ean (RACen 129 zk.), 20 urte zituela. Gurruchagak «brevet»a lortu zuen data berean, Henri von Heintze Welssenrode alemaniar baroiak istripua izan zuen: Santa Quiterian bleriot bat probatzen ari zela, hegoa kopatzeko kable bat hondatu zitzaion eta buruz bera esekita geratu zen telefono-linean. Zorionez, ez zen zauriturik egon. Jarraian, garai hartako periodikoetan hurrengo egunean argitaratutako irudia.

   Kontuan hartu behar dugu Espainiako aeronautikaren hastapenei buruz ari garela, eta, garai hartan, globo gidatuekin batera (Torres Quevedo, España eta Astra-Torres) ibiltzen zirela hegan egiteko makina ezegonkor haiek Iberiar Penintsulako zeruetan zehar. Istripu asko egoten ziren.

Aniceto    Getafen pilotu-hegazkinlari titulua lortu zuen zortzigarren espainiarra izan zen Aniceto, eta Heintze haren laguna, berriz, hirugarren alemaniarra. 1918ko urriaren 20an, 151 pilotu-hegazkinlari baino ez zeuden Espainian: 35 zibil, eta 116 militar. 35 pilotu zibil horietatik, 6k baino ez zuten hegan egiten 1918an. Gainerakoek, guztiz bestelako jardueretan ziharduten: 1910ean Kontxako hondartza gainetik hegan egin zuen Benito Loygorri, auto saltzailea zen Habanan —hogei mila ogerleko inguru gastatu zituen pilotu-ikasketetan—; Manuel Zubiagak autoak eta motorrak saltzen zituen Bilbon; Aniceto Gurruchaga erloju-konpontzailea zen Basaurin; eta abar.

   Gurruchaga 40 urterekin hil zen, 1937ko ekainaren 15ean, Santanderreko trenbidean Basauritik Abusura zihoan tunelaren sarreran, obus batek bertan jo zuenean. Ezkongabea zen, eta hil zen tokitik hurbil bizi zen, Basconia 12n (gaur egun, Baskonia 16).

 

Aniceto Gurruchaga 1917an, bleriot batean, Dehesa de Santa Quiterian, Getafen (Madril)

Aniceto