784 eguzki-panel instalatu dira Artunduagako kiroldegian

   Basauriko Udalak Artunduagako kiroldegiko eraikin batzuetako estalduran eguzki-instalazio fotovoltaikoa jarri du du. Kirol-zentroak urtean kontsumitzen duen argindarraren % 30 ekoitziko dute eguzki-panel horiek.

   Azken urteotan, Udalak zenbait jarduketa egin ditu, energia zentzuz erabiltzea bultzatzeko eta energia berriztagarrien aprobetxamendua sustatzeko.  Ildo horretatik, Udalak, bere zeregin eta eskumenen esparruan, eguzki-energia fotovoltaikoaren garapena areagotu nahi du —horri esker apaldu egingo baita erregai fosilekiko mendekotasuna eta gutxitu egingo baitira berotegi-efektuko gasen isurpenak—.Urrats berri horrekin, Basauri bidean da: 2030erako, administrazio publikoek kontsumitutako argindarraren % 32 beraiek ekoitzitako berriztagarria izatea lortzeko bidean, hain zuzen ere.

   Artunduagako kiroldegian 784 eguzki-panelak jarrita, urtean 121 tona CO2 gutxiago isuriko dira atmosferara: urtean 7.200 arbola gutxiago moztearen, edo auto batek urtean 675.000 km ez egitearen baliokidea. Udal arduradunek aurreikusi dute instalazioak 338.000 kWh ekoitziko dituela urtero, eta produkzio osoa autokontsumorako izango dela. Modu horretan, Artunduagako kiroldegiaren argindar-kontsumoaren % 30, gutxi gorabehera, ekipamendu fotovoltaiko horretatik hornitzea lortuko da.  

   Udalak 241.708 eurotan adjudikatu zituen lanak. EVE Energiaren Euskal Erakundeak 40.000 euroko dirulaguntza eman zionez proiektuari, aurreikuspena da 5 edo 6 urtetan inbertsioa amortizatuta egotea.

   Udalak baditu lehenagotik eguzki-instalazioak, fotovoltaikoak (elektrizitatea ekoiztekoak) zein termikoak (berotze-sistemetako ura berotzen dutenak, kontsumoa gutxitzeko), udalerriko zenbait azpiegitura eta eraikinetan: Etxe Maitia adinekoen egoitzan, Basozelai eta Soloarteko futbol-zelaietan, zenbait ikastetxetan, Artunduagako kiroldegian bertan, udaletxean eta abar. Eguzki-instalazio termikoek 348 MWh ekoizten dituzte urtero, gutxi gorabehera. 2020an, zehazkiago, udal titulartasuneko sarera konektatutako eguzki-instalazio fotovoltaikoek 28,7 MWh sortu zituzten.

 

   Basauri, 2021ko, irailaren 7a.

Etiketak