46 langabetu kontratatuko ditu Basauriko Udalak

   46 langabetu kontratatuko ditu Basauriko Udalak, tokiko enplegua sustatzeko Eusko Jaurlaritzarekin batera finantzatutako programa baten barruan, eta Lanbideren eta Udalaren bidez. Eusko Jaurlaritzak 523.623 € inbertituko ditu enplegua sustatzeko programa horretan, eta Basauriko Udalak, bere aldetik, beste 228.000 € jarriko ditu. Aurreikusitako 751.623 €-ko inbertsioa —datozen asteotan jasoko da Eusko Jaurlaritzaren ebazpena—, erakunde biek joan den urtean Planera bideratutakoa baino % 15 handiagoa da (iaz 653.224 € izan ziren).

   Aurreikusitako 46 kontratazioek 6 hilabeteko gehienezko iraupena izango dute (2018ko ekainaren 30era arte luzatuko dira, gehienez ere), eta zenbait jardunaldi eskainiko dira, hala nola, jardunaldi osoa eta arduraldi partzialekoa. Horrela, bada, langile berriek zenbait proiektu eta egitarau garatuko dituzte udalerrian.

ESKATUTAKO LANPOSTUAK

   Ofizial igeltseroa (6); peoia (10); ofizial pintorea (5); ofizial elektrikaria (3); liburutegiko laguntzailea (2); kazetaritzan lizentziaduna (2); administraria (4); administrari laguntzailea (4); historian lizentziaduna (1); berdintasun teknikaria (3); analista (1); programatzailea (1); heziketa fisikoan lizentziaduna (1); enplegu teknikaria (1); eta arkitektoa (2).

   Programaren helburua da lan-munduratzeko zailtasun bereziak dituztenei lana lortzeko erraztasunak ematea, beren gaitasun edo prestakuntza pertsonalak eta motibazioa sustatuko dituen aldi baterako lana eskainita.

   Hori guztia dela eta, izangaiek, langabetuak izateaz gain, honako talde hauetako batean egon beharko dute: 35 urteko edo gutxiagoko langabetuak; 45 urtetik gorako langabetuak (gutxienez, 6 hilabetez, langabetu gisa izena emanda); 55 urtetik gorakoak; iraupen luzeko langabetuak eta gizarte-bazterkeria arriskuan daudenak. Beste alde batetik, kontratatuetako % 40 emakumeak izango dira; kontratuen % 30 DSBE jasotzen dutenentzat gordeko da; eta kontratuen % 15, berriz, 55 urtetik gorakoentzat izango da.

   Izangaiak hautatzeko prozedurari buruz, berriz, Basauriko Udalak Lanbidera bidaliko ditu bete beharreko lanpostuen ezaugarriak jasotzen dituen zerrenda. Lanbidek, orduan, bilaketa egingo du, lan eske dabiltzanen artean, eta Udalari zerrenda bat bidaliko dio, eskatutako baldintzak betetzen dituzten izangaiekin. Udalak zerrenda horren gainean egingo du hautes-prozesua. Aurreko urteetan bezalaxe, aurtengoan ere udal teknikariz eta giza baliabideetako langilez osatutako talde batek ebaluatu eta hautatuko ditu proiektu bakoitzerako izangaiak. Talde horretan ez da ordezkari politikorik egongo.

   Lehen esan bezala, parte hartzeko interesa dutenek adierazitako baldintzak bete, eta Lanbiden izena emanda egon beharko dute. Era berean, egiaztatu beharko dute behar bezala sailkatuta daudela, alegia, interesatzen zaizkien zereginak egiteko izena emanda daudela Lanbiden.

   2011tik hona, Basauriko Udalak beste 206 pertsona kontratatu ditu, Enplegu Planaren barruan. «Plan honi, eta Udalak eta beste erakundeek (Eusko Jaurlaritza eta Aldundia) enplegua sustatzeko aurrera eramandako ekimenei esker, apurka-apurka, Basauriko langabezia gelditu eta, areago, jaitsi egin da. Asko dago egiteko, baina bide onean goaz. 2012an % 20tik gorako langabezia-tasa geneukan (% 21,19, hain zuzen ere); 2017ko azaroan, berriz, % 15,7an gaude, bost puntu eta erdi gutxiago ditugu», azaldu du Aitor Aldaiturriagak.

Basauri, 14 de noviembre de 2017.

Basauri, 14 de noviembre de 2017.

Etiketak