42 langabetu kontratatuko ditu Basauriko Udalak

Gehienez ere 6 hilabeteko iraupena izango dute kontratazioek, lan-jardunaldi desberdinekin

   42 langabetu kontratatuko ditu Basauriko Udalak, Lanbideren eta Udalaren bitartez, tokiko enplegua sustatzeko Eusko Jaurlaritzarekin batera finantzatutako programa baten barruan. Jaurlaritzak 519.000 € inbertituko ditu enplegua sustatzeko programa horretan, eta Basauriko Udalak beste 204.000 € jarriko ditu.

   Gehienez ere 6 hilabeteko iraupena izango dute 42 kontratazioek, lan-jardunaldi desberdinekin (lanaldi osoa ala partziala), eta 2019ko ekainaren 30era arte luzatuko dira. Aitor Aldaiturriaga Ekonomia-sustapen eta Enpleguko zinegotziak gaur azaldu duenez, «46tik 42ra jaitsi da kontratu kopurua, iazkoarekin alderatuta; baina, aurtengoan, handitu egin dira lan-jardunaldi batzuk, eta kontratu batzuen iraupena ere bai (garatu beharreko proiektuaren beharrizanak zein diren)».

   Kontratatutakoek, beraz, zenbait proiektu eta programa garatuko dituzte udalerrian. Adibidez: argiztatze-sistemaren kanalizazioa berritzea; kirolguneak egokitzea; dokumentuak digitalizatzea; udal webgunea eguneratzea… Berdintasunaren eremuan, Berdintasun Plana garatuko dute, eta bullying matxistaren aurka lan egingo dute.

   Programaren helburua da lan-munduratzeko zailtasun bereziak dituztenei lana lortzeko erraztasunak ematea, beren gaitasun edo prestakuntza pertsonalak eta motibazioa sustatuko dituen aldi baterako lana eskainita. Hori guztia dela eta, izangaiek, langabetuak izateaz gain, honako talde hauetako batean egon beharko dute: 35 urteko edo gutxiagoko langabetuak; 45 urtetik gorako langabetuak (gutxienez, 6 hilabetez, langabetu gisa izena emanda); 55 urtetik gorakoak; iraupen luzeko langabetuak; edota gizarte-bazterkeria arriskuan daudenak. Kontratatuen % 40 emakumeak izango dira; kontratuen % 30 DSBE jasotzen dutenentzat gordeko da; eta kontratuen % 15, berriz, 55 urtetik gorakoentzat izango da.

   Izangaiak hautatzeko prozedurari dagokionez, Basauriko Udalak Lanbidera bidaliko ditu bete beharreko lanpostuen ezaugarriak jasotzen dituen zerrenda. Lanbidek, orduan, bilaketa egingo du, lan eske dabiltzanen artean, eta Udalari zerrenda bat bidaliko dio, eskatutako baldintzak betetzen dituzten izangaiekin. Udalak zerrenda horren gainean egingo du hautapen-prozesua. Aurreko urteetan bezalaxe, aurtengoan ere udal teknikariz eta giza baliabideetako langilez osatutako talde batek ebaluatu eta hautatuko ditu proiektu bakoitzerako izangaiak. Talde horretan ez da ordezkari politikorik egongo.

   Lehen esan bezala, parte hartzeko interesa dutenek adierazitako baldintzak bete, eta Lanbiden izena emanda egon beharko dute. Era berean, egiaztatu beharko dute behar bezala sailkatuta daudela, alegia, interesatzen zaizkien zereginak egiteko izena emanda daudela Lanbiden. «Hautatuak izateko aukerak edukitzeko, garrantzitsua da Lanbiden eguneratuta izatea eskatutako datuak eta langintzak», gaineratu du Aitor Aldaiturriagak.

Kontsulta ezazu eskatutako lanpostuak behen erantsitako fitxategian.

Basauri, 2018ko azaroaren 6an.

EranskinaTamaina
Enplegu plana (pdf)48.55 KB
Etiketak