«Hitz-Erdiko Kontaketak» euskarazko ipuin laburren lehiaketa

Urtarrilaren 20tik martxoaren 20ra bitartean jasoko dituzte «Hitz-Erdiko Kontaketak» euskarazko ipuin laburren lehiaketaren 2020ko ediziorako lanak

•    «Serendipia itxaropenari lotua…» izango da abiapuntua. Esaldi horretatik hasita, gehienez ere ehun hitzeko kontakizuna idatzi beharko dute parte-hartzaileek.
•    Bi sari egongo dira: «Kontakizun onena»rena eta «Elkar» saria.
•    2020an deialdi bakarra izango du lehiaketak.

   Lehiaketa ZirtZart Basaurik —Basauriko Udalaren Gazteria Ataleko programak— antolatzen du, Kultur Basauri udal kultur etxearekin lankidetzan eta Geuria Hego Uribeko herri komunikabidearen eta Elkar Euskal Kulturgintzaren laguntzarekin. 12-35 urte bitarteko gazteei zuzendutako ekimen horren helburua da idazmenean interesa dutenen talentua aurkitzea.

   Parte hartu nahi dutenek «mikrokontakizun» bat idatzi beharko dute, gehienez ere ehun hitzekin. Antolatzaileek hasierako esaldia emango dute (aurtengoan «Serendipia itxaropenari lotua…»), eta hortik abiatu beharko dira lanak. Parte-hartzaile bakoitzak hautatuko du bere kontakizunaren gaia. Bakar-bakarrik onartuko dira euskaraz idatzitako «mikrokontakizunak». Nahi adina kontakizun aurkeztu ahalko ditu parte-hartzaile bakoitzak, 2020ko urtarrilaren 20tik martxoaren 20ra bitartean, zirtzart.basauri.eus webgunearen bitartez.

   Bi sari egongo dira: «Kontakizun onena»ren saria (400 €-ko bonua jasoko du) eta «Elkar» saria (150 €-ko bonua). Azken horretan 12-17 urte bitartekoen proposamenak baino ez dira aintzat hartuko. Sarituriko bi «mikrokontakizunak» Geuria aldizkarian argitaratuko dira (Hego Uribeko Herri Komunikabidea da Geuria).

   Nobedade gisa, aurten, deialdi bakarra izango du lehiaketak. Iaz 83 proposamen jaso zituen antolakuntzak —horietako 20, hirugarren eta azken deialdian—. Iñaki Ereño Bengoa bilbotarra izan zen irabazlea, eta Lore Isuskiza Ruiz gazte basauriarrak bereganatu zuen «Elkar» saria.

ARGIBIDE GEHIAGO HEMEN:
Basauriko Udala – ZirtZart Gazte Bulegoa
Tel: 944 666 430
Helbide elektronikoa: zirtzart@basauri.eus
Webgunea: zirtzart.basauri.eus

«Hitz-Erdiko Kontaketak» euskarazko ipuin laburren lehiaketa

EranskinaTamaina
Oinarriak (pdf)245.63 KB
Etiketak